Atal grafikoaren ezaugarriak hautatzerakoan Performance RT deitutako hirugarren aukera gehitu dute Insomniac Gamesekoek.
PlayStation 4 Pro eta Xbox One X kontsolen etorrerarekin gero eta bideojoko gehiagok atal grafikorako aukera desberdinak eskaintzen dituzte. PCrako jokoetan aurki daitezkeen askotariko ezaugarriak aldatzera iritsi gabe, errendimendu bizkorragoa edo bereizmen eta grafiko hobeak ahalbidetzen dituzten aukera orokorren artean hautatzeko modua eskaintzen dute. Belaunaldi berria hasita, kontsola berriek antzeko aukera eskaintzen jarraitu dute.
Hori izan da PlayStation 5arekin batera estreinatutako Spider-Man: Miles Moralesen kasua. Marvelen superheroiaren azken abenturak bi aukera grafiko ematen izan ditu. Alde batetik 60 irudi segundoko tasarekin jokatu daiteke Performance deitutako aukerarekin. Fidelity izenekoak, bestalde, fps-ak murriztu eta ray tracinga ahalbidetzen du. Bi hauetan 4K-ko bereizmenera jokatzen da PS5ean.
Orain, Insomniac Gamesek Performance RT deitutako hirugarren aukera grafikoa argitaratu berri du. Aipatutako beste bi aukeren atalik onenak batzen ditu: 60 fps-ak mantenduta ray tracingarekin jokatzea posible da. Hori bai, ray tracing murriztua ikusiko dute jokalariek, ez baitu Fidelity aukeran ikusitako xehetasun maila berbera edukiko. New Yorkeko kaleetan ikus daitezkeen herritarren kopurua ere gutxitu egiten da Performance RT aukerarekin.
Baina mugaketarik esanguratsuena bereizmen aldetik dator. Aurreko guztia posible egiteko 4K-ko bereizmenari uko egiten dio modu honek, 1440p-tara jaitsita. Mike Fitzgerald Insomniac Gameseko teknologia zuzendariak atal grafikoen aukera desberdinak laburbildu ditu txio batekin:
Spider-Man: Miles Morales PlayStation 5 zein PlayStation 4an jokatu daiteke.
Iruzkinak