Lehen bideojokoaren jarraipen zuzena izango da, “animazio, mekanika, mugimendu eta ahalmen berriekin”.
Sonyk ekainean aurkeztu zuen Spider-Man: Miles Morales, Playstation 5eko gainerako bideojokoekin batera. Zalantzaz betetako iragarpena izan zen: zaleek ez zekiten bideojoko berri baten edo espantsio bat izango zen.
Insomniac Gameseko garatzaileek Entertainment Weekly aldizkariarekin hitz egin dute zalantza horiek argitzeko. Bertan nabarmendu dutenez, Milesen abentura PS4ko jokoaren jarraipen zuzena izango da: Peter Parkerrekin bizitako istorioa bukatzen denetik urtebete igaroko da bideojokoan.
Neguko girotzea izango du Marvelen heroiaren jokoak, eta istorioaren ardatza Harlemen hasitako gerra bat izango da. Teknologia aurreratua duen talde kriminal batek korporazio handi bati aurre egingo dio, superheroi gazteari askotariko arazoak sortuta.
Milesen abenturak “animazio, mekanika, mugimendu eta ahalmen berriak” edukiko dituela aipatu dute garatzaileek. Izan ere Spider-Man berriak ezaugarri desberdinak izango ditu: ikusezina bihurtu eta eraso elektrikoak erabili ahalko ditu, besteak beste.
Ray-tracinga erabiliko dutela esateko ere aprobetxatu dute Insomniacekoek. Irudi baten bidez erakutsi nahi izan dute PS5ak ekarriko duen berritasunetako bat: ur putzu bateko isla sortzeko balioko du kontsolaren menpe egongo den teknologiak.
Argitaratze datarik zehaztu gabe, Spider-Man: Miles Morales Playstation 5arekin batera kaleratzea aurreikusten da. Sonyk kontsola berria 2020ko bukaeran estreinatuko duela mantentzen du.
Iruzkinak