Maicha garatzaile txinatarrak Ninja Gaiden edo God Hand klasikoak ditu inspirazio iturritzat. Datorren urtean behin betiko bertsioa kaleratu nahiko luke.
Spirit X Strike sarbide goiztiarrean argitaratu da Steam plataforman. Akziozko abenturan kolpeak eta konboak dira nagusi, dozenaka arerio modurik ikusgarrienean garaitzea baita ardatza.
Bakarkako garatzaileak sortutako obraren aurrean gaude: Maicha txinatarraren lehen joko komertziala da Spirit X Strike. Dioenez, inspirazio iturriak argiak dira: Ninja Gaiden eta God Hand bezalakoei begira jarri da.
Estetika aldetik, baina, Hokuto no Ken (Iparraldeko izarraren ukabila) manganime ezaguna oinarritzat hartu duela dirudi: apokalipsi ondorengo mundua zeharkatzen duen borrokalarian bilakatuko gara, dozenaka lapurren eta mertzenarioren aurka eginez.
Ez pentsa arerioak gure zain egongo direnik: aldi berean hainbaten kontra egingo dugunez, gure trebezia agerian jartzeko unea izango da. Hiru borroka estilo desberdinen artean hautatuz, bakoitza berezko tempoarekin eta erritmoarekin, ziztu bizian ibiliko gara kontraerasoak, desbideraketak, teleportatzeak eta bestelakoak burutuz.
Sarbide goiztiarrarekin, jokalarien feedbacka hartzea eta iritziak ezagutzea bilatzen du Maichak; izan ere, aurretik jasotako gomendioek asko lagundu diotela aipatzen du. Sei maila, bakoitza bere buruzagiarekin, bisitatuko ditugu lehen bertsio honetan.
Dena ondo badoa, datorren urtean Spirit X Strike 1.0 ikusi beharko genuke, baina “guztia bukatuta dagoela sentitu arte” lanean jarraitzeko gogotsu azaldu da egilea. Azken bertsioa bukatutako kanpaina, beste hiru joko mota gehigarri eta guztiz txukundutako jokagarritasuna ikusiko genituzke.
Spirit X Strike PCan joka dezakegu dagoeneko.
Iruzkinak