NEO: The World Ends with You PlayStation 4 eta Switcherako prestatzen ari dira.
Tokioko Shibuyan bizitako Reapers’ Game deitutakoa bueltan da. Square Enixek 2007an Nintendo DSrako argitaratutako The World Ends with Youren jarraipena iragarri du. NEO: The World Ends with You deituta, datorren urteko udan argitaratzea aurreikusten dute arduradunek.
Action RPG honetako protagonista Rindo izango da; berarekin izango dira Minanimoto, Fret eta Nagi. Joko misteriotsu hilgarri batean parte hartzera derrigortuta egongo da, eta horretarako Tokioko bihotza esploratu beharko du. Abenturan tamaina eta forma guztietako piztia koloretsuen aurka egin beharko du botere bereziak emango dizkioten intsigniak erabilita.
Oraingo honetan hiru dimentsioetan sortutako Shibuya bisitatuko dute jokalariek. Atal artistiko berezi batekin, lehen jokoan ikusitakoa hedatuko du NEOk.
Argitaratze data zehatzik eman gabe, 2021eko udan argitaratuko dutela agindu dute Square Enixekoek. Plataformak bai ezagutarazi dituzte, ordea: PlayStation 4 eta Switcherako jokoa izango da NEO: The World Ends with You.
Iruzkinak