Sonicen aitak harrera txarra eduki duen Balan Wonderworld argitaratu zuen martxoan. Ez du alde egitaren arrazoia argitu nahi izan.
Sonic Teameko buruetako bat izan zena Square Enixera hurreratu zen 2018 hasieran. Yuji Naka sortzaileak bideo-jokoen munduan ibilbide oparo eta luzea eduki arren, enpresa japoniarretik alde egiteko erabakia hartu du, zergatia zehaztu gabe.
IGN webguneak eman du berria. Naka Square Enixen sartzerakoan Balan Company estudioa eratu zuen bere hurrengo bideo-jokoan lan egiteko. Hau pasa den martxoan kaleratutako Balan Wonderworld izan zen, hain zuzen ere. Hainbat arazorekin merkaturatutako lana izan da Sonic trikuaren sortzailearen azken obra, eta prentsa zein jokalarien artean harrera eskasa eduki du.
Bideo-jokoen munduko zaleen galdera eta zalantzei erantzuteko asmoarekin, Nakak ez du Square Enixetik alde egitearen erabakia zehaztu, baina “unea heltzean hori egiteko itxaropena duela” adierazi du Twitter bidez. Bideo-jokogintza alboratzeko asmoak ere aurreratu ditu garatzaileak: “55 urte ditut jada, beraz erretiratzea aukera bat izan daiteke”.
Sonic Teamen lehen burua izan zen Naka 1990ean; hortik jaio zen SEGA Megadrive kontsolarako lehen Sonic the Hedgehog abentura. Ostean Sonicen lan gehiagotan parte hartu zuen 2006ra arte, Sonic Team utzi zuen urtera arte, hain zuzen ere. Triku supersonikoarekin lan egiteaz gain Dreams edota Billy Hatcher and the Giant Egg bezalako lanen garapenaz arduratu zen japoniarra.
Iruzkinak