GSC Game World-eko garatzaileek zazpi hilabete gehiago behar dituzte beren “ikuspegia betetzeko eta jokoarentzako espero duten mailara iristeko”.
S.T.A.L.K.E.R. tiro joko eta biziraupen saga ezagunaren azken atala uste baino beranduago merkaturatuko da azkenik. GSC Game World estudioak baieztatu duenez, S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chernobyl abenduaren 8an kaleratuko dute; aurretik, apirilaren 28an argitaratzeko asmoa zuten.
Geroratzea txio baten bidez iragarri dute ukrainiarrek. Bertan adierazten dutenez, “garapenerako zazpi hilabete estra horiekin estudioaren ikuspegia betetzeko eta jokoarentzako espero duten mailara iristeko” lan egingo dute.
“Erabaki zaila” izan dela diote GSC Game Worldekoek, baina “itxaropen guztiak beteko dituen jokoa” garatzeko konpromisoa agertu dute. Datozen hilabeteetan “informazio, eguneraketa eta aurkezpen gehiago” egingo dituztela diote garatzaileek.
Heart of Chernobyl bigarren atal ofiziala izango bada ere, 2007an argitaratutako Shadow of Chernobyl maitatuak beste bi jarraipen eduki ditu: Clear Sky eta Call of Pripyat. Hala ere, S.T.A.L.K.E.R. 2 2010ean iragarri zen lehen aldiz; honen garapena bertan behera utzi ondoren, 2018an berriz aurkeztu zuten Heart of Chernobyl. Pasa den urteko E3 azokan ikusi ahal izan zen lehen trailerra Xbox-ekoen aurkezpenean, milioika bideojokalariren arreta erakartzea lortuta.
Azken asteetan polemikaz inguratuta egon da bideo-jokoa; izan ere, NFT-ak inplementatzeko nahia agertu zuten ukrainiarrek. Zaleen aldetik sekulako kritikak jasan ondoren, amore eman zuten: ez da inolako NFT edukirik egongo Heart of Chernobylen.
Hasiera batean PC-rako eta Xbox kontsoletarako kaleratuko da akziozko jokoa; Apple eta Epic erraldoien arteko auziko dokumentuetan azaltzen zenez, kontsoletarako esklusibotasuna hiru hilabetekoa baino ez da izango: ondoren, PlayStation-era heltzea aurreikusten da.
S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chernobyl abenduaren 8an estreinatuko da PCan eta Xbox Series-etan.
Iruzkinak