Istorioaren trailer berria aurkeztuta eman dute berria. Estudio ukrainarrak era guztietako arazoak bizi izan ditu azken hilabeteotan.
Itxaroten genuen albistea zen, eta azkenean GSC Game Worldeko ukrainarrek baieztatu egin dute: Stalker 2 berriz atzeratu dute. Oraingoan, data zehatzik eman gabe geratu dira: datorren urtean kaleratuko dutela jakitera eman dute arduradunek.
S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl —Chernobyl deitura aldatu egin zuten izen ukrainarrera— berriaren istorio bideoarekin ezarri dute 2023ko data. Bideoan jokagarritasuna alboratzen duten arren, “gune” beldurgarriko ekintza paranormalak ezagutzera eman dituzte; are gehiago, trailerra lehen Stalker jokoaren sarrera sekuentziaren omenaldia da.
Berandutzearen erabakia ez da harritzekoa; izan ere, GSC Game Worldekoen egoitza nagusia Kieven dago. Errusiak egindako inbasioaren ondorioz estudioak bizi duen egoeraren berri emateko bideo berezia prestatu dute garatzaileek.
Estudioko zenbait kidek Kievetik ihes egiteko aukera izan duten bitartean, asko hirian geratu behar izan dira: tiro jokoan lan egiteko korridoreetan eta gela txikietan batzen dira. Are gehiago, hainbat garatzaile Ukrainako armadara batu direla ikus daiteke bideoan.
Modu horretara, Stalker 2ren garapenak era guztietako oztopoak bizi dituela ikus daiteke. 2023ko data ezagututa, Xbox-ekoek datozen hamabi hilabeteotan argitaratuko dela aurreikusten dute: horrela azaltzen da Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpenean erakutsitako zerrendan.
Xbox kontsoletan zein ordenagailuetan kaleratuko da S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl.
Iruzkinak