Dozenaka aldaketa eta zuzenketa inplementatu dituzte GSC Game World taldekoek.

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobylen 1.5 adabakia plazaratu du GSC Game World ukrainarrak. Aldaketen artean A-life sisteman egindakoak nabarmentzekoak dira, mundu biziagoa eratzea lortuta.

Bideojokoa iaz kaleratu zenean espero ziren edukiak dira, hain zuzen ere, gaurkotzeak gehitzen dituenak. Edozein NPCren edo pertsonaiaren bizitza erabat simulatuta dagoela nabarmentzen dute egileek; hau da, nahiz eta gure pantailan agertu gabe egon, bakoitzak bere ibilbideari ekingo dio, toki batetik bestera mugituz, arrisku desberdinak biziz, eta, zenbait kasutan, heriotza aurkituz.

Horrela, gure bidaietan aurkitutako stalker bat berriz ikus dezakegu leku guztiz desberdinean, ekipamendu desberdinarekin, esaterako. Akatsak txukunduz, pertsonaien berragerpena zuzendu dutela diote: ez dira berpiztuko toki berera berriz sartzerakoan, eta, are gutxiago, jokalariaren aurrean.

Eguneratzea Guns & Looting izenarekin bataiatu dute, eta horiek ere aurkituko ditugu: arma zein misterio berriak agintzen dituzte, eta munizioaren zein armen funtzionamendua aldatu dute, denetariko zuzenketekin. Inplementatutako aldaketen zerrenda irakurtzekoa da: Steam-en aipatzen dituzte berritasun guztiak.

 

Eraldatzeentzako euskarria

Horrenbeste eduki gehitzerakoan, aurrekoak apurtzea gerta daiteke, eta horixe nabarmentzen dute GSCkoek: orain arteko mod aldaketak desaktibatzea gomendatzen da, errendimendu arazoak edo bestelakoak ekartzeko arriskua baitago.

Zorionez, moden eguneratutako euskarria iritsi da. Zone Kit tresnarekin S.T.A.L.K.E.R. 2 eraldatzeko erraztasunak eskaini dituzte: animazioak, modeloak, testurak, efektuak edo mekanikak, denetariko sortzeko eta gehitzeko aukera daukate moderrek. Sortutakoak Steam Workshop nahiz Mod.io atarietan eskaini daitezke.

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl PC eta Xbox Series plataformetan joka daiteke.