Azaroaren 20an argitaratuko du GSC Game World talde ukrainarrak PC eta Xbox Series plataformetan.
S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl desiratuak jokagarritasun bideo berria eskaini digu. Egun gutxi batzuk geratzen dira, azkenik, tiroketa eta esplorazio joko maitatuen jarraipena iristeko, eta GSC Game World estudiokoek promozio kanpainari heldu diote.
Hiru minutu inguru irauten duten bideoan jokagarritasun gordina erakusten zaigu, tituluaren mekanikei buruzko azalpenekin batera. Egia da S.T.A.L.K.E.R. 2 aurrekoen gupidagabeko misioetatik pixkat urrunduko dela, baina hauen arima mantentzen duela dirudi.
Eremu (The Zone) misteriotsura itzuliko gara, beste behin, bertako misterioak argitu nahian. Ez da erraza izango, bertatik dabiltzan stalkerrak zein gainerako bizilagunak ez baitira oso atseginak izango, orokorrean: tiroketak nagusi dira, eta, behar bezala ekipatuta aritzeko, baliabideak biltzen ibili beharko gara. Inbentarioaren kudeatze egokia ere ezinbestekoa izango da aurrera egiteko; hau da, ezingo ditugu nahi beste traste eraman gurekin.
Etengabeko erabilerak gure armak eta tresnak apurtuko dituela baieztatu digute egileek. Konpontzeko kit bereziak erabili beharko ditugu, baita teknikariengana eraman armak pertsonalizatzeko ere —laserrak, teleskopioak edo kargagailu bikoitzak ageri dira—; hortaz, baliabiderik boteretsuenak zein kutunenak zaindu eta mugatu beharko ditugula esan daiteke, ez baitira betirako izango.
Mundu irekiko borroka dinamikoekin eta zirraragarriekin datoz ukrainarrak. Inguruneak eskaintzen digun guztia erabili beharko dugu bizirauteko: isilpean aritzea aukeretako bat da, baina, bestela, kristalak puskatzen ariko gara, adibidez, tiro egiteko kokaleku hobea bilatuz. Fisikak ere aipatzen dira: distantziaren eta etsaiek daramaten armaduraren arabera, gure balak ez dira horren eraginkorrak izango. “Prestakuntza ezinbestekoa da bizirauteko”, diote egileek.
Benetako arazoak Eremu beldurgarriko misteriorik handienekin batera etorriko dira. Ez dira gizakiak bakarrik bizi bertan.
Oztopoz betetako garapena
Estudio ukrainarrarentzat ez da batere erraza izango Heart of Chornobyl bukatzea. 2020ko Xbox Game Showcase aurkezpenean iragarri zuten bideojokoa, 2022rako amaituta egongo zela adieraziz.
Gerra hasi zen, ordea: GSC Game Worldekoei bete-betean harrapatu zien Errusiaren inbasioak. Bulegoak galdu zituzten, eta, ez hori bakarrik, garatzaile taldeko hainbat kide hil dituzte azken urteetan. 2024 hasierara berandutu zuten argitaratze data; ondoren, irailaren 5era.
Azkenean, azaroaren 20an kaleratuko da S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl. PC eta Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko dugu GSC Game Worlden jokoan.
Iruzkinak