GSC Game World estudioak Sony-ren azken gailurako moldatuko du biziraupen eta tiro jokoa. PS5 Pro kontsolarako hobekuntzak prestatzen ari da.

GSC Game World talde ukrainarrak S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl PlayStation 5ean plazaratuko duela iragarri du. 2025eko amaierarako prest edukitzeko asmoa agertu dute prentsa oharrarekin eta bideoarekin batera.

Jokoaren testuingurutik aldendu eta umorez betetako trailerrarekin egin dute iragarpena: Stalkerrak euren tituluan jokatzen agertzen dira basean.

Sonyren gailurako egokituta iritsiko dela dirudi. Alde batetik, DualSense agintzearentzako ohiko berezitasunak eta ezaugarriak gehituko dituzte: feedback haptikoa zein kolpekari moldakorrak, adibidez; bestetik, PlayStation 5 Pro indartsuagoaren potentzia erabiliko dute atal grafikoa hobetzeko.

Esan bezala, 2025a bukatu aurretik kaleratuko da PS5ean, dena ondo badoa, S.T.A.L.K.E.R. 2.

 

Hasiera traketsa, baina gehiago dator

Iaz Xbox Series kontsoletan eta PCan argitaratu zen biziraupen eta tiro joko desiratua. Denetariko balorazioak jaso bazituen ere, oinarriak onak zirela entzun genuen garai hartan; ordutik hona, GSCkoek zenbait eguneratze eta adabaki handi kaleratu dituzte, askotariko hobekuntzak eta akats zuzenketak inplementatuta.

Azkena, eta, handiena, duela egun batzuk estreinatutako 1.5 adabakia da. A-life sisteman hainbat aldaketa ekarri ditu, azkenik, edozein NPCren edo pertsonaiaren bizitza erabat simulatuz. Gainera, armak, ekipamendua, misioak eta bestelako edukiak gaineratu dizkiote egileek.