PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletarako argitaratzeaz gain, PCko tituluak ere zaharberrituko dituzte GSC Game World-ekoek.

S.T.A.L.K.E.R.: Legends of the Zone bildumaren Enhanced Edition bertsioa aurkeztu du GSC Game World talde ukrainarrak. Maiatzaren 20an S.T.A.L.K.E.R.: Shadow of Chornobyl, S.T.A.L.K.E.R.: Clear Sky eta S.T.A.L.K.E.R.: Call of Prypiat klasikoak hobetu eta plataforma gehiagotara eramango ditu.

Zehazki, PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan jasoko dugu, baina ez horietan bakarrik: PCko jokalariek orain arte ikusi gabeko bertsioetan jokatu ahalko dute. Onena? Jatorrizko jokoak erosita dituztenek debalde jasoko dituztela bertsio berriak: Steam nahiz GOG plataformetako erabiltzaileek ikusiko dituzte.

Trilogia iaz estreinatu zen PS4, Xbox One eta Switch kontsoletan. Originalen interfazea moldatu, eta aginteentzako kontrol eskemak prestatu zituzten. Orain datozen Enhanced Edition bertsioekin, baina, hiru jokoak “hobetuko, finduko eta eskalatuko” dituztela diote egileek. Argiztapena, islak, 3D modeloak eta gehiago aipatzen dira bildumaren webgune ofizialean.

Atal teknikoa hobetzearekin batera hainbat bizitza kalitate aldaketa eta “aspalditik ondo funtzionatzen ez zuten elementuak” akats konponketak agintzen dira, gainera. Eduki aldetik, jokoak bere horretan mantenduko direla diote; hau da, ez dugu misio edo erronka berririk ikusiko.

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl desiratua joan den urtean merkaturatu zuten, baita. Arazoekin argitaratu bazuten ere, erabiltzaileen balorazio positiboak jaso dituzte nagusiki.

S.T.A.L.K.E.R.: Legends of the Zone Enhanced Edition maiatzaren 20an merkaturatuko da PS5, Xbox Series eta PC plataformetan.