Shadow of Chornobyl, Clear Sky eta Call of Prypiat batzen dituen trilogia martxoan estreinatu zen PlayStation eta Xbox kontsoletan.
S.T.A.L.K.E.R. kultuzko frankizia berezi horietakoa da bideojokoen munduan, eta lehen hiru abentura klasikoez gozatzeko aukera edukiko dute laster Nintendo Switcheko erabiltzaileek. Legends of the Zone izeneko trilogia urriaren 31an kaleratuko du GSC Game World estudio ukrainarrak.
S.T.A.L.K.E.R.: Shadow of Chornobyl, S.T.A.L.K.E.R.: Clear Sky eta S.T.A.L.K.E.R.: Call of Prypiat atalak batzen ditu bildumak. PCrako 2007. urtetik aurrera argitaratutako jokoak izanik, denetariko berrikuntzekin eta hobekuntzekin helduko zaigu N handiaren gailu hibridoko bertsioa.
Garrantzitsuenak egokitutako kontrolak izango dira: Switcharen euskarri desberdinekin erabiltzeko aukera eskaintzeaz gain, giroskopioarentzako zein ukipen pantailarentzako euskarria edukiko dute hiru klasikoek. Ez hori bakarrik: interfazea moldatu dute kontsolarako.
Legends of the Zone urte hasieran ikusi genuen PlayStationen eta Xboxen: martxoan argitaratu zuten, aipatutako berritasunetako batzuk inplementatuta. Kontsoletan mod ofizialak erabiltzeko eguneratzea gehitu zuten, gainera, ekainean: animazioak, testurak, modeloak, bideoak edo soinuak sortzeko eta deskargatzeko aukera eskaintzen dute webgune ofizialeko tresnen bidez.
Azaroan, Heart of Chornobyl
Ezin gaitezke ahaztu bigarren S.T.A.L.K.E.R. —edo laugarren, trilogia zaharrari buruz gabiltza-eta— desiratuaz, ordea. S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl azaroaren 20an estreinatuko da, dena ondo badoa.
Gerrak eragindako oztopoen eta berandutzeen ostean, GSC Game Worldekoak prest daudela dirudi. Txernobylko lurretan barneratzea proposatuko digute berriz, atal grafiko ikaragarriarekin: girotze aldetik sekulako lana egin dutela ageri da azken urteetan erakusten joan diren bideoetan.
PC eta Xbox Series plataformetan ikusiko dugu S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl, esan bezala, azaroaren 20an.
Iruzkinak