CitizenCon azokak berritasunak, ezaugarriak eta ezustekoak bildu ditu. Mundu irekiko abentura espazialak sarbide goiztiarrean jarraituko du.

Star Citizen ezagunak joko motak eta berrikuntzak erakusten jarraitzen du. Squadron 42 jokalari bakarrarentzako kanpaina desiratua izan da Cloud Imperium taldeak aurkeztutako azkena: “ia prest dago”, eta hori ospatzeko jokagarritasun bideo zirraragarria zabaldu dute.

Multijokalari jokoak egin nahi duen modura, denetarik ikusiko dugu Squadron 42n: suzko armekin zein espazio ontziekin bizitako tiroketak, puzzleak, isilpea, esplorazioa eta gehiago bilduko ditu kanpainak. Chris Roberts arduradun nagusiak mekanika guztiak azaltzeari ekin dio bideoan.

Nola ez, espazio ontzi gainean hasi dute aurkezpenean. Laser izpiz eta misilez betetako dueluak hobetu egin dituztela dio zuzendariak: benetako pilotua sentiarazteko beharrezko guztia egin dute. Horrela, pilotatzerakoan murgiltze sentipena ikaragarrizkoa izango da, eta ez bakarrik atal grafikoaren aldetik; alegia, kontrolak zein feedbacka benetan apartak direla nabarmentzen du Robertsek.

Ontzitik jaitsita ere zeregin ugari edukiko ditugu, gainera. Txalupa gaineko atala erakutsi dute: hau ibai bat zeharkatzeko erabiliko dugu, bidean ezkutuan ibili behar izanik. Behin lehorreratuta, puzzle sekzioak ere egongo direla ikusi ahal izan dugu; multitresna horiek gainditzeko ezinbestekoa da. Half-Life 2n antigrabitate pistolaren edo Breath of the Wild-en Sheikah tabletaren antzeko baliabidea izango da, besteak beste: izpi baten bidez objektuak mugi ditzakegu fisika bidezko erronkak argitzeko.

Suzko armen tiroketak nabarmentzekoak dira, batez ere ingurune suntsigarriengatik: ia guztia apur daiteke, parapetoak barne. Ezaugarriak jokagarritasunari ere eragingo dio. Loot sistema erakutsi dute baita; horrela, akatzen ditugun etsaien inbentarioa araka dezakegu arma, objektu eta sendagai bila.

Bukatzeko, gidoian sakondu dute, edo, hobeto esanda, Squadron 42n ezagutuko ditugun pertsonaiengan. Aktore ezagunen zerrenda luzea bildu dute istorioa osatzeko: Gary Oldman, Henry Cavill, Mark Hamill, Mark Strong, Gillian Anderson edo Andy Serkis azalduko dira abenturan zehar.

 

Ia prest, baina zuzentzeko asko faltan

“Mugarri nagusietako bat gainditu dugula esan dezakegu”, aldarrikatu du Richard Tyrer jokoaren zuzendariak. “Squadron 42k ezaugarri aurreikusitako ezaugarri guztiak dauzka jadanik, eta fintze fasean murgildu gara orain”.

Horri lotuta, lan egiteko modua aldatuko dutela iragarri du; izan ere, talde txikiagoetan banatuko dira orain —”strike teams” deitzen ditu zuzendariak— lan desberdinak kudeatzeko.

Squadron 42ren azken fasean sartu dira, bai, baina oraindik ez dakigu noiz kaleratuko duten. Fintze prozesuak hainbat urte iraun ditzake; behintzat, 2012an iragarritako modalitatea mugimenduan ikusi dugu azkenik.

Gauza bera gertatzen da online joko mota nagusiarekin: Star Citizenek sarbide goiztiarrean jarraitzen du, eta era guztietako berritasunak jasotzen baditu ere, oraindik ez dugu behin betiko bertsiorik ikusiko.