Jokalari bakarrarentzako ARPG abentura da lehenengoa; lasterketa joko frenetikoa, bigarrena.
Star Wars frankizian girotutako bideojokoak aurkeztu dituztu TGA sarien aterpean. Alde batetik, Star Wars: Fate of the Old Republic ezagutu dugu; bestetik, Star Wars Galactic Racer ahaztutako generoa berreskuratzera dator.
Lucasfilm Games Arcanaut Studios taldearekin batu da Fate of the Old Republic sortzeko. Estudioa ezezaguna bada ere, zuzendaritzan Casey Hudson dago; hau da, Star Wars: Knights of the Old Republic mitikoen arduraduna —baita Mass Effect trilogiarena ere—.
Trailer zinematikoarekin ez digute askorik esan: ohi bezala, jedi zaldunak eta planeta desberdinak ageri dira. Jokalari bakarrarentzako ARPG abentura narratiboa izango omen da; KOTORen oinordeko bilakatzeko asmoa badute ere, akziora bideratuko dutela dirudi, beraz.
Argitaratze datarik gabe, Fate of the Old Republic PCrako eta kontsoletarako argitaratuko da.
Lasterketen itzulera
Bigarren iragarpenaren tituluak argi adierazten duen bezalaxe, Star Wars Galactic Racerrekin lasterketetara itzuliko da Izarretako Gerraren unibertsoa: kasu honetan, Star Wars Episode I: Racer mitikoaren testigantza hartzera dator.
Fuse Games taldeari eman dio lana Lucasfilmsek; hots, Burnout originaletan lan egindako Criterion estudioko beteranoetako batzuk arduratuko dira Galactic Racer garatzeaz.
Filmetako lehen ataletako girotzea alboratu, eta aro modernora eramango gaitu. Ahaztu, beraz, pod ibilgailuez; horren ordez, mota guztietako ontziak gidatuko ditugu Jakku edo Ando Prime bezalako planetetatik.
2026an argitaratuko dutela aurreratu du Lucasfilms Gamesek: PCra eta PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletara helduko da Star Wars Galactic Racer.
Lander Unzueta
Iruzkinak