Ubisoft-ek mundu irekiko abenturaren istorioaren zertzeladak eman ditu azken bideoarekin.

Star Wars Outlaws abuztuaren 30ean kaleratuko du Ubisoftek. Hanka sartze txikiaren ondoren —Ubisoft Japoniak egin beharrekoa baino ordu batzuk lehenago iragarri du data— frantsesek ofizialki iragarri dute Izarretako Gerraren hurrengo jokoaren bideo berria.

Aurretik adierazi bezala, Ubisoft Massive taldea garatzen ari den mundu irekiko titulua ordenagailuetan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan jokatzeko aukera edukiko dugu udako azken egunetatik aurrera.

Premisa ezagutzera emateko bideoa izan da, berez, argitaratutakoa: pertsonaiak nahiz istorio nagusia ageri dira bertan. Jedi fraideak eta ezpata laserrak alboratuta, Kay Vess izeneko sari ehiztarian bilakatuko gara: berarekin batera galaxiako gaizkileen eta krimen sindikatuen ingurunean barneratzeari ekingo diogu.

George Lucas zinemagilearen filmeak hartzen baditugu, Outlaws bosgarren eta seigarren filmeen artean kokatuko da: Inperioaren kontraerasoa eta Jediaren itzulera atalen artean, hain zuzen ere.

Tiroketak, isilpea, esplorazioa, hizketaldiak eta espazio ontziak uztartuko dituen lan erraldoia izango da Outlaws; hau da, Ubisoften ohiko mundu irekiko formula arrakastatsua Star Warsen unibertsoan girotuko dute, nola ez, ikaragarrizko atal grafikoarekin.

Horretarako Ubisoften Snowdrop Engine garapen motoreaz baliatzen dabiltza: orain arte emaitza bikainak eman dituen tresna.

Outlawsen aurkezpen bideoan, berriz, jokagarritasuna izan zen nagusi: hamar minutuko gameplay bideo sakona erakutsi zuten iazko Ubisoft Forward aurkezpenean.

Horri lotuta, orain gutxi ezagutu dugu frantsesen aurtengo ekitaldi nagusiaren data: 2024ko Ubisoft Forward ekainaren 10ean egingo dute.

Star Wars Outlaws, hortaz, abuztuaren 30ean merkaturatuko dute PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan.