XCOM estiloko bideojokoan gerlari taldeak kudeatuko ditugu txandakako guduetan. Klon gerretan girotuko da.

Electronic Arts taldeak Star Wars Zero Company iragarri du. 2026an estreinatuko duen bideojokoak estrategia taktikoa izango du ardatz.

Iragarpena zinematikarekin egin dute, baina bukaeran jokagarritasun pixkat erakutsi dute egileek: Bit Reactor eta Respawn estudioen arteko elkarlana XCOM bezalako bideojokoen klona dela esan daiteke. Horrela, eskuadroiak kudeatuko eta gidatuko ditugu lauki sareetan antolatutako txandakako borroketan.

Zero konpainiaren arduradunean bilakatuko gara: klon soldaduak, mandaloriarrak, droideak, eta, zelan, ez, jedi zaldunak hartzen dituen taldea kudeatuko dugu Hawks izeneko protagonistarekin. Heroi mota bakoitzak bere abileziak eta indarguneak dauzka; batzuk jokorako bereziki sortutako pertsonaiak dira, baina, arduradunek diotenez, guk eratutako droide taldea kontrola dezakegu, horrela nahi izanez gero.

Basean taldeak antolatu, gure soldaduak hobetu zein pertsonalizatu eta hurrengo misioetarako hobekuntzak desblokeatuko ditugu; ez diogu gezurrik XCOMen klona dela esaterakoan, alegia. Are gehiago, Bit Reactorren taldean estralurtarren sagako beteranoak aurkitzen dira. Ezaugarrien artean behin betiko heriotza (permadeath) eta generoaren ohiko aukerak inplementatuko dituztela dirudi.

Heroien arteko harremanek edukiko duten garrantzia azpimarratu dute egileek: hauentzako bereziki prestatutako istorioak eta misioak ikusiko ditugu, taldekideen arteko loturak estutuz, ondoren bestelako hobekuntzak desblokeatzeko.

Klon gerren aroan girotuko da Zero Company; beraz, filmeen bigarren trilogiako estetika eta jazoerak ikusiko ditugu.

Datorren urtean kaleratuko bada ere, EAtik plataformak zehaztu dituzte dagoeneko: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan argitaratuko da Star Wars Zero Company.