1.5 bertsioak tokiko multijokalaria, jokoak hasterakoan hautatzeko aukera mordoa eta beste hainbat ezaugarri gehitu dizkio simulagailuari.
Stardew Valleyren eguneratze berria ezustean heldu da PCko jokalarientzat. Eric Barone garatzaileak orain egun batzuk agian aurten estreinatuko zela iragarri zuen sareetan, eta azkenean abenduan kaleratu zuen 1.5 bertsioa. “Orain arteko eguneraketarik handiena” dela dio sortzaileak, eta berritasun guztiak azaltzeari ekin dio jokoaren blogean.
Concerned Apeko kide bakarrak azaldu duenez eguneraketa honek gehitutako ezaugarrien artean asko jokoaren bukaerako faseetara zuzendutakoak dira. Hori dela eta, berritasun hauek spoiler bezala markatzea erabaki du, baina bere webgunean ikusgai daude.
Gaineratutako ezaugarri interesgarriak ez dira azken faseetara mugatzen, baina. Askotariko aldaketa eta hobekuntzak ikus daitezke Stardew Valleyren 1.5 bertsioan. Lehenik eta behin, saio berri bat hasterakoan pertsonaia eratzeko aukera berriak jaso ditu jokoak.
Lehena landetxe mota guztiz berria da: hondartzako landetxea. Arrantzarako kokaleku ezin hobea da, eta gainera noizean behin kostaldean objektuak aurkitzeko aukera egongo da. Halere, lurzoro hareatsua izango da nagusi landetxe mota honetan: horren ondorioz ezin izango dira ihinztagailuak ezarri. Jokalari hasiberrientzat lan nekeza izan daiteke hondartzako landetxea aurrera eramatea, beraz beste baserri motekin hasteko gomendio egin du Baronek.
Jokoaren aukera aurreratuen atala ere gaineratu du partida sortu aurretik are aukera desberdin gehiagoren artean frogak egiteko.
Lagunak eta modak
Tokiko multijokalaria iritsi da 1.5 bertsioarekin. Lagunekin jokatzeko etxola bat eraikitzea ezinbestekoa izango da; partida berria hasterakoan etxola bat eraikita izatea hautatu ahalko da aukera aurreratuen artean. Behin etxola duzunean jokoaren menutik tokiko multijokalaria hasteko aukera baino ez duzu hautatu behar. Online multijokalariak bezala funtzionatzen duela azaldu du garatzaileak, eta beste hiru lagunekin batera aritu ahalko da joko mota honetan.
Baronek ez ditu modak ahaztu. Azaldu duenez, modder famatuenei aurretiazko sarbidea eman die bertsio berrira sortutako modekin frogak egin eta hauek eguneratzeko. Guzti honetaz gain era guztietako berritasunak gehitu ditu garatzaileak: herritar, helburu, misio, abesti eta objektu berriak ikusiko dituzte jokalariek. Sekretuak ere daudela dio sortzaileak, baita jarduera berriak ere.
Kontsoletako bertsioek eguneraketa berria “urte hasieran” jasoko dutela agindu du Baronek. Gailu mugikorrak etorriko dira ondoren, baina ez du horientzako datarik zehaztu. Stardew Valley PC, PS4, Xbox One, Switch, Android eta iOSen jokatu daiteke.
Iruzkinak