Denetariko berritasunak ekarriko ditu. Kontsolako eta mugikorretako bertsioek beranduago jasoko dute adabakia.
Eric “Concerned Ape” Barone sortzaileak Stardew Valleyren hurrengo eduki gehigarrien argitaratze data iragarri du: 1.6 eguneraketa martxoaren 19an estreinatuko da PCko bertsiorako.
Haunted Chocolatier obra berrian lanean ari da aspalditik, baina horrek ez du esan nahi Stardew Valley maitatua alboratuta utziko duenik. 1.6 eguneraketa txikia izan behar zen arren —mod-ak sortzeko tresnak eta euskarria aipatu zituen bere garaian—, azkenean adabaki erraldoia prestatu du garatzaileak.
Jaialdi nagusi berria dator beste bi jaialdi txikiagoarekin batera. Jokoaren bukaerarako eduki berriak gehituko dira, gainera: artisautzarako errezetak zein objektuak aipatu izan ditu Baronek. Negurako jantziak eta erropak ere ikusiko ditugu; bukatzeko, 100 bat hizketaldi lerro gaineratuko dira nekazaritza abenturara.
Nola ez, zuzenketak eta oreka aldaketak ere aipatzen ditu arduradunak… baita sekretuak ere: horiek argitzeko estreinaldira arte itxaron beharko dugu.
Berritasunik interesgarriena aipatzea geratzen da: zortzi jokalarirentzako multijokalaria iritsiko da, azkenik. Gaur egun lau lagunek elkarrekin joka dezakete, baina muga hori gainditzeko eskariak jaso ditu egileak. Multijokalariarentzako aukera berria ordenagailura iritsiko da bakarrik, oraingoz.
Izan ere, PCko bertsioak 1.6 eguneratzea martxoaren 19an jasoko duela aipatu dugu, baina Barone ez da ahaztu kontsoletako nahiz gailu mugikorretako Stardew Valleyz. Plataforma hauek “beranduago” jasoko dute adabakia.
Itxura batean, azkena izango den adabakia, gainera. Garatzaileak askotan aipatu du ez duela beste eduki gehigarri handirik sortuko, baina dirudienez ezin ditu bere joko kutuna hobetzeko eta areagotzeko aukerak alboratu.
Iruzkinak