Nvidia DLSS, pantaila ultrazabalen euskarria eta bestelako hobekuntzak iragarri dira. Akatsak zuzentzeko lanean dabiltza.
Bethesda Game Studios garatzaile taldeak orain egun batzuk kaleratutako Starfielden etorkizunari buruz mintzatu dira. Zehazki, espazioko odisearentzat prestatzen dabiltzan eguneraketek ekarriko dituzten berritasunak eta mod ofizialen euskarriaren xehetasunak argitu nahi izan dituzte.
Jokoaren orrialde ofizialean komunitateak agertutako maitasuna eta gogoak eskertu ostean, erabiltzaileek eskainitako feedbacka kontuan hartzen ari direla adierazi dute garatzaileek. Eskakizunak ezagututa, etorkizunean hainbat inplementatzera konprometitu dira: esaterako, hirietako mapak gehitzera.
“Ordenagailuko jokalariek estreinalditik gehien eskatutako tresnak eta ezaugarriak” aipatu dituzte. Adibidez, oinarrizkoak diren argitasun eta kontraste aukerak, HDR kalibrazioa, ikusmen eremua (FOV) aldatzeko ezarpenak eta pantaila ultrazabalentzako (32:9 formatukoak) euskarria etorriko dira.
Nvidia DLSS tresnaren hutsunea ere azpimarratu dute: irudi kalitatea mantenduz errendimendua hobetzeko erreminta inplementatu gabe dago Starfielden, eta zaleek gehitzea eskatu diote Bethesdari. Bukatzeko, jateko botoia jarriko dutela agindu dute.
Hauek datozen adabakietarako agindu dituzte; oraingoz, akats nabarmenenak zuzentzeko eguneratzea argitaratu dute. Nvidia, AMD eta Intel enpresekin elkarlanean dabiltzala ere aldarrikatu dute. Modu horretara, driver ofizialak hobetzeari ekingo diote jokoaren egonkortasuna eta errendimendua areagotzeko.
Mod ofizialei dagokioenez, Bethesdaren tresna propioa Starfieldera egokitzen dabiltza: Creations. Skyrim-en zein Fallout 4n erabilitako erremintarekin jarraituko dute, beraz.
Datorren urte hasieran prest edukitzea aurreikusten dute; Xbox Series kontsoletan zein PCan argitaratuko da. Bitartean, dagoeneko modak sortzen dabiltzan jokalariei iritziak eta ideiak partekatzeko eskatu diete Creations hobetzen eta fintzen joateko.
Starfield irailaren 6an merkaturatu zen. Microsoft-ekoen egungo belaunaldiko estreinaldirik oparotsuena izan da: lehen egunetan sei milioi jokalari baino gehiago bildu dituzte. Xbox Series Xn zein Sn eta ordenagailuetan joka daiteke; gainera, Xbox eta PC Game Pass harpidetzetan eskaintzen dute.
Iruzkinak