Bethesda Game Studios-en azken abentura Xbox Series X zein S kontsoletan eta ordenagailuetan merkaturatu da.
Espazioko abentura handia estreinatu da jadanik: horrenbeste urtez esperotako Starfield saltokietan dago, eta lehen eguneko datuak partekatu ditu Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak. Guztira milioi bat jokalari bildu ditu dagoeneko.
“Eskerrik asko mugarri honetara iristea lagundu diguten jokalariei”, adierazi du Spencerrek sare sozialetan. Aldi berean, Bethesda Games Studios zoriondu du egindako lanagatik.
Atzo goizaldean estreinatu zen ofizialki Euskal Herrian: Xbox Series X eta S kontsoletan zein ordenagailuetan joka daiteke.
Plataformen araberako zifrak eskuratzea ia ezinezkoa da, baina Steam-ek datu gutxi batzuk eman ditzake: SteamDB webgunearen arabera, lehen 24 orduetan 270.000 jokalari inguru batu dira Valve-n plataforman. Dena den, PC Game Pass bidez ere estreinatu behar dela aipatu behar da.
Kaleratze eguna asteazkena izanik, zifrok benetan esanguratsuak dira; noski, asteburuan gora egitea aurreikusten da.
Hala ere, argitaratze “ez-ofiziala” eduki duela ere aipatu beharra dago: irailaren 1etik hainbat izan dira jokatu dutenak, sarbide goiztiar moduko batean estreinatu baitzen Premium Edition nahiz Constellation Edition bereziak erosi dituztenentzat.
Balorazio bikainak jaso ditu Starfieldek prentsaren aldetik: “maisulantzat” edo “lorpentzat” izendatu dute askok.
Horrek ez du esan nahi Bethesdaren ohiko akatsik gabe etorri denik: bug barregarriak zein jokoak apurtzen dituztenak nonahi aurkituko ditugu, eta errendimendu aldetik ere arazo nabarmenak dituela adierazi dute zenbait erabiltzailek eta adituk.
Starfield PCan eta Xbox Series kontsoletan joka daiteke.
Iruzkinak