The Elder Scrolls eta Fallouten garatzaileen RPG berria espazioan kokatuko da. Jokalari bakarrarentzako abentura izango dela baieztatu dute.
Garatzen ari diren RPG berria aurkeztu zuten Bethesdakoek 2018. urteko E3an: Starfield. Ordutik hona abentura horri buruzko berri gutxi eman dituzten arren, Todd Howard Bethesdako burua bideojokoari buruz mintzatu da Develop: Brighton Digital 2020 ekimenean.
Howardek zehaztu duenez, Starfieldek Bethesdaren motor grafikoaren “jauzirik handiena” suposatuko du. “Motor grafikoaren eraberritzea orain arteko handiena izango da segur aski, Morrowindetik Oblivionera emandakoa baino handiagoa”.
Starfielden inguruan baieztatutako xehetasun urrien artean espazioan lekua hartuko duen zientzia fikziozko abentura izango dela adierazi zuten Bethesdakoek. Horren harira, bisitatu ahalko diren munduak eratzeko tresna prozeduralak erabiltzen ari direla azaldu du Howardek. Tresna horiek mundu erraldoiak eratzeko laguntza bezala erabiliko dituzte, baina partida guztietako mapa berbera izango da. Tresna berberak The Elder Scrolls VIrako baliatuko dituzte.
Garatzaileen kopurua aurreko lanekin alderatuz asko hazi dela nabarmendu du solasaldian. Skyrim eta Fallout 4rekin alderatuta langileen kopurua laukoiztu edo boskoiztu egin omen da espazioko RPGrako: Bethesda Games Studio Dallas, Maryland eta Montrealeko taldeak ari dira elkarlanean.
Horrez gain, Starfield jokalari bakarrarentzako abentura izango dela ziurtatu du arduradun nagusiak, TES edo Fallout sagetako joko nagusiekin gertatu bezala.
Starfield zein TES VI Xbox Game Passean egongo dira argitaratzen diren unean. Modak sustatzen jarraitzeko asmoa ere agertu du Howardek; PCko modez gain kontsoletarako modak ere ahalbideratu dituzte azken jokoetan.
Bukatzeko, Howardek obrari buruzko berrien gabezia azpimarratu nahi izan du. Bere esanetan “oraindik asko falta da” bideojokoa prest egoteko, eta geroratzeak jazotzeko aukera handiak daude. Horren ondorioz ez da eroso sentitzen Starfielderi buruz hitz egiten, eta ez du nahi zaleak gogaitarazterik.
Iruzkinak