Hiru protagonista kontrolatuko ditugu urpeko misterioak argitzeko. The Brotherhood indie estudioak aurten kaleratu du PCan, balorazio bikainak lortuz.
The Brotherhood garatzaile hegoafrikarraren Stasis: Bone Totem kontsoletara iritsiko da: PlayStation, Xbox eta Switch bertsioak iragarri ditu bi sortzailek osatutako taldeak. Oraindik ez dute argitaratze datarik zehaztu, baina “laster” merkaturatuko dituztela diote azken trailerrean.
Bone Totem Stasis beldurrezko frankiziako hirugarren atala da: aurretik Stasis eta Cayne —azken hau doakoa— kaleratu dituzte. Halere, bideojoko bakoitzaren istorioa guztiz independentea da; unibertso berean girotuta daude, eta elkarri egindako keinuak ageri dira, baina ez dugu aurrekoetan jokatu beharko azkenaren gidoia jarraitzeko.
Ikuspegi isometrikoan jokatzen den abentura grafikoa dugu. Guneak esploratzeaz gain dozenaka puzzle gainditzen ibili beharko gara.
Hiru pertsonaia izango dira Bone Tomemeko protagonistak: Mac eta Charlie senar emazteak, eta euren alabarena izandako Moses hartz itxurako panpina adimentsua. Etorkizuneko mundua ezagutuko dugu beraiekin, baina ez atseginena: ozeano barean galdutako petrolio plataforma misteriotsutik deia jaso, eta horra joko dute.
Protagonisten artean edozein unetan alda dezakegu. Bakoitzak bere bideari ekingo dio, baina gune beldurgarrietan eskuratutako objektuak elkarri bidaltzeko aukera edukiko dute.
Macek, Charliek zein Mosesek gauza desberdinak egin ditzakete itemekin. Gizonak apurtu eta banatu egingo ditu bere beso mekanikoari esker; emakumeak hainbat tresna elkartzeko eta fusionatzeko abilezia izango du; jostailuak, berriz, hackeatze lanak egingo ditu bere adimen artifizial aurreratuarekin.
Abentura gogorrak bezain maitatuak
Aurreko atalak ez badituzue ezagutzen, jakin Stasis saga biolentziaz eta gorez betetakoa dela. Une benetan gogorrak azaltzen dira jokootan; ez dira edonorentzat. Hala ere, martxoan merkaturatutako Bone Totemen PCko bertsioak sekulako iritziak jaso ditu bai prentsaren, bai jokalarien aldetik: Steam plataforman balorazio ikaragarri positiboak dauzka nagusiki.
Pasa den astean, gainera, gehien kritikatzen ziren edukiak zuzentzen dituen eguneraketa argitaratu zuten Brotherhoodkoek: jokoan erabilitako irudietako batzuk AI bidez sortutakoak ziren. Orain, eskuz marraztutako ilustrazioak gehitu dizkiote abenturari. Bestelako akatsak ere konpondu dituzte.
Bukatzeko, Epic Games Store plataforman salgai jarri dute euren jokoa; aurretik Steam, GOG eta Humble Store saltokietan eskura zitekeen. Orain, esan bezala, PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletako bertsioak prestatzen jarraituko du sortzaileen bikoteak.
Iruzkinak