Sonyk aurten argitaratzeko dituen lanik handienak albo batera utzi ditu.

State of Play aurkezpenekin itzuli zen Sony atzo gauean. Ordu erdi iraun zuen egitasmoak aurten argitaratuko diren hamar bideo-joko bildu zituen, arduradunek aurretik iragarri bezala. Bertan genero guztietako obren trailerrak eman zituzten, estudio txiki zein handienak.

Horien artean, baina, hutsune handiak nabaritu ziren: 2021ean PlayStation Studioseko garatzaileek kaleratuko dituzten joko handienak ikusi gabe geratu ziren zaleak. Ekainean helduko den arren, Ratchet & Clank: Rift Aparten trailer berria faltan bota zen; Insomniac Gamesen jokoari buruzko informazio dezente zabaldu dute, baina jostagarritasun aldetik zaleak zerbait gehiagoren zain daude.

Antzekoa gertatzen da Horizon Forbbiden Westekin; 2021eko bigarren seihilabetekoan kaleratuko zela agindu zuen Sonyk, baina oraindik trailer bakarra soilik erakutsi dute, joan den urteko ekainean. Gof of Warren jarraipenari buruz ezer gutxi aipatu dute, baina 2021ean estreinatzea aurreikusten da.

Halere, beste obra batzuei agerikotasuna emateko balio izan du State of Playak. Kasu batzuetan argi geratu da PlayStation eta garatzaileen arteko akordioen harira agertu zirela aurkezpenean, baina itxura bikaina daukaten harribitxiak ere ikusi ziren atzo gauean.

Crash Bandicoot 4: It’s About Time

Pasa den urtean argitaratu zuten Toys for Bob estudioak Crash Bandicoot martsupialaren laugarren abentura. Kritika zein zaleengandik harrera ona jaso ondoren, It’s About Time beste plataforma batzuetara iritsiko dela baieztatu zuen Activisionek: PC, Xbox Series, Switch eta nola ez, PlayStation 5ean egongo da Crash berria.

State of Playa bertsio berri horren ezaugarriak nabarmenduz hasi zuten Activisionekoek. 4K eta 60 fps-tara jokatu ahalko da Crash Bandicoot 4ra PS5ean. Kontsolaren audio ezaugarri berezietaz baliatuko da abentura eta nola ez, jokoan murgiltzeko balioko dute DualSense agintearen kolpekari moldagarriek.

Kontsola berriko bertsioa doan eskuratu dezakete PlayStation 4an jokoa erosi zutenek. Digitalki erosita dutenek PS Storetik deskargatu beharko dute, eta fisikoan dutenek gauza berbera egin beharko dute diskoa PS5ean sartuta duten bitartean. Crash Bandicoot 4: It’s About Time martxoaren 12an estreinatuko da gainerako plataforma guztietan.

Returnal

Housemarque estudio finlandiarra garatzen ari den zientzia-fikziozko roguelike hau berriz ikusteko aukera eman zuen aurkezpenak. Munstro beldurgarri zein interesgarriak, tiroketa azkarrak eta behin eta berriz hiltzea dira abentura honen ardatzak. Narratibak ere bere txokoa edukiko du: protagonistaren oroitzapenak berreskuratzeko bidea jokalariek zeharkatuko dituzten guneetako audio fitxategiak aurkitzea izango baita.

Apirilaren 30ean kaleratuko da Returnal; PlayStation 5erako esklusiboa izango dela diote garatzaileek.

Sifu

Absolver jokoaren garatzaileak akziozko lan batekin itzuliko dira. Sloclap estudioa azken bi urteetan Sifu garatzen aritu da, eta atzo gauean aurkeztu zuten trailer labur zein zirraragarri batekin. Kung Fua eta orokorrean arte martzialak ikusiko dira Sifun ohiko istorio batekin: hiltzaile batzuek bere familia akatu ondoren, protagonistak bere bizitza horiek mendekatzera bideratuko du zortzi urte entrenatzen eman ondoren.

Hirugarren pertsonan jokatuko den beat ‘em up honek jokalarientzako desafio bat suposatzea nahi dute garatzaileek.

Trailerreko lehen eszenak Old Boy filmaren akziozko unerik gogoangarrienetako bat ekartzen du gogora. Korridore batean dozenaka etsaien aurka ikus daiteke protagonista kolpeak, giltzak eta bidean aurkitzen dituen armak erabilita. Denboran aurrera egingo du istorioak, eta baita protagonistak ere: zahartuz joango da mailak gainditzen dituela.

Sifu 2021ean kaleratuko da PlayStation 5 zein PlayStation 4an. Kontsolez gain, PCan ere jokatu ahal izango da Epic Games Storetik.

Knockout City

Velan Studiosek bere multijokalariaren inguruko berritasunak eman zituen State of Playean. Brile edo baloi errea jokoa izango da Knockout Cityren ardatza. Jokalariak hiri osotik saltoka, itzulipurdika eta hegan ibiliko dira baloiak jaurtitzen dituzten bitartean.

Maiatzaren 21ean kaleratuko da PS5 eta PS4an; 19,99 euroko prezioa izango du, baina aldi baterako doako jokoa izango da argitaratzen denean.

Solar Ash

Hyper Light Drifter arrakastatsuaren garatzaile Heart Machinek bere hurrengo jokoari buruzko xehetasunak emateko aprobetxatu zuen aurkezpena. Bi dimentsioetatik hiru dimentsioetara pasako dira Solar Ashekin; bizkortasun izugarria duen akziozko jokoa izango da, zeharkatu beharreko mundu erraldoiarekin.

Rei protagonista Voidrunner bat izango da Solar Ashen. Bizi den mundua ultravoid izeneko zulo beltzetik salbatzeko hainbat etsairen aurka egin beharko du, tamaina erraldoia daukaten piztien kontra egitera iritsita. Arerio handi horiek izango dira mundua salbatzeko xedearen gakoa.

Argitaratze data zehatzik gabe, Solar Ash aurten argitaratzea aurreikusten dute Heart Machinekoek. PS5 eta PS4an kaleratzeaz gain, PCra ere helduko da Epic Games Store bidez.

Five Nights at Freddy’s: Security Breach

Izugarria dirudi, baina Five Nights at Freddy’s beldurrezko joko berriak prestatzen jarraitzen dute Steel Wool Studiosen. Security Breach “orain arteko anbiziorik handiena duen jokoa” dela aldarrikatu dute garatzaileek: pizzeria txikietatik Mega Pizza Plex erraldoira mugituko dira munstro animatronikoak oraingoan.

Five Nights at Freddy’s: Security Breach 2021ean estreinatuko da PS5, PS4 eta PCan.

Oddworld: Soulstorm

Oddworld sagako abentura berriaren irudiak ere azaldu ziren PlayStationekoan. Abe the Mudokon protagonistarekin jarraituko du istorioak: beti bezala puzzleak gainditu beharko ditu bere kideak salbatzen dituen bitartean.

1998an argitaratutako Oddworld: Abe’s Exodusen remakea izango da Soulstorm. Atal grafikoan sakondu nahi izan dute Oddworld Inhabitants estudiokoek. “2.9D” erako ingurugiroak xehetasunekin beteta egongo dira, girotze ilun eta goibelako bat prestatuta remakerako.

Oddworld: Soulstorm PlayStation Pluseko bazkideentzako doakoa izango da apirilaren 6an PS5 eta PS4rako kaleratzen denean. PC eta Xbox Serieseko bertsioak ere egongo dira kasu honetan.

Kena: Bridge of Spirits

PlayStation 5erako jokorik itxaroenetakoen artean dago Kena: Bridge of Spirits. Atal grafiko liluragarriak animaziozko filmik onenak gogorarazten ditu; Ember Lab estudioa osatzen duten kideak horretan jarduten zuten bideo-jokoen garapenera igaro aurretik.

Gameplay pixkat ikusi ahal izan da State of Playean. Protagonistak etsaien aurka egiten du bertan makila eta arkua erabilita. The Legend of Zeldako jokoen antzera borrokak, puzzleak, esplorazioa eta plataformak batuko ditu Kenak.

Argitaratze data ere iragarri zuten atzo. Abuztuaren 24an estreinatuko da PS5 eta PS4an; aurretik ikusitako beste joko batzuekin gertatu modura, PCan ere merkaturatuko da Epic Games Store saltokiaren bitartez.

Deathloop

Arkane Studiosen Deathloopek Dishonoreden ikusitako akzioa beste maila batera eramango du. Deja Vu deitutako trailerrean tiroketak eta ahalmen bereziak ikusi dira: Blackreef irlan Colt protagonistaren papera hartuta hainbat pertsonaia akatu beharko dituzte jokalariek. Bere aurka, baina, antzeko ahalmenak dituen Julianna Blake hiltzailea egongo da.

Atzerapenen ostean, maiatzaren 21a da azkenik Deathloop PS5ean eta PCan argitaratzeko hautatutako eguna.

Final Fantasy VII Remake Intergrade

Aurkezpena bukatzeko joan den urteko PS4ko jokorik esanguratsuenetako baten bertsio berria iragarri zuen Square Enixek. Final Fantasy VIIren remakeak Intergrade deitutako bertsioa izango du PS5ean.

Atal grafiko eta teknikorako hobekuntzak izango ditu Intergradek. PS4an hainbat gabezi erakutsi zituen Clouden abenturak, baina kontsola berria erabilita horiek gainditzea eta konpontzea bilatzen dute Squarekoek. Graphic Mode deitutakoarekin 4K-ra jokatuko da abenturara; Performance Modeak 60 fps-ak ahalbidetuko ditu bestalde.

Argiztapenean eta testuretan ere aldaketak egongo dira bertsio honetan. Karga denbora murriztuak edukiko ditu aipatutakoez gain, baita argazkiak ateratzeko aukera ere.

Baina berritasunak ez dira grafikoetara mugatuko. Yuffie ninja protagonistatzat izango duen istorio berria aurkeztuko du Intergradek. Jatorrizko jokoa bukatu zuten batzuentzat ezezaguna izango da Yuffie, hautazko pertsonaia baizen; PS4ko remakea istorioaren lehen zatia izanik ez zen azaldu, baina orain bere abentura txiki propioarekin itzuliko da.

Ekainaren 10ean estreinatuko da Final Fantasy VII Remake Intergrade PlayStation 5ean; remakea PS4an erosi zutenek doan jasoko dute bertsio berria; Yuffieren istoriora jokatzeko ordaindu egin beharko dute, baina.

Japan Studioren desagerpena

State of Playean aipatu gabe geratu zen, baina Sony Interactive Entertainmentek atzo baieztatu zuenez, bere Japan Studio beteranoa desagertu egingo da. Team ASOBI garatzailearekin bat egingo dute bertako langileek apirilaren 1etik aurrera; Astro’s Playroomekin “lortutako arrakasta” aprobetxatu eta horrekin lanean jarraitzeko balioko du aldaketak Sonyren hitzetan.

Ape Escape, Gravity Rush eta Knack bezalako lanak garatu izan ditu Japan Studiosek 28 urteko ibilbidean. Azken urteetan estudioko zenbait garatzaile esanguratsuek alde egin izan dute bertatik. Sonyren aburuz, garatzailea ez zen errentagarria ekonomikoki. Japan Studioseko kideek Japoniako bideo-jokozaleei zuzendutako jokoak garatzeko xedea zuen bitartean, Sonyk lan horiek beste estudio propioen lanek zituzten nazioarteko arrakasta edukitzea nahi zuen.