Gran Turismo 7 2022ra atzeratu dute. PCrako joko gehiago prestatzen ari dira, Days Gonekin hasita.
State of Play formatuarekin jarraituz, Sonyk aurkezpen digital berria egingo duela iragarri du sare sozialen bitartez. Ekimena gaur bertan izango da, 23:00etan hasita.
Ordu erdiko iraupena edukiko duela aurreratu dute PlayStationen arduradunek. Bertan PlayStation 5 zein PlayStation 4ko hamar jokoren “berritasunak eta analisiak” bilduko dituzte, “iragarpen berriak eta ekaineko State of Playean garatzaile third partyek erakutsitako jokoak barne”. Nabarmendu dutenez ez dute hardware berriei buruzko xehetasunik eskainiko, datozen hilabeteetan kaleratuko diren bideo-jokoetan soilik ardaztuko baitira.
Izan ere, PlayStation Blogean hardware berria iragarri berri dute. Zehazki, PlayStation 5erako prestatzen ari diren errealitate birtualeko sistema berriari buruzko lehen zehaztasunak eskaini ditu Hideaki Nishino Sony Interactive Entertainmenteko azpizuzendariak.
Irudirik erakutsi gabe eta argitaratze data aipatu gabe, PS4ko bisorearen aldean hainbat hobekuntza nabarmendu ditu Nishinok. Hasteko eta behin, betaurrekoak kable bakar batekin konektatuko dira kontsolara. PlayStation Move aginteak albo batera utziko dituzte oraingoan, eta aginte berriak “DualSense aginteak eskaintzen dituen ezaugarri berezi berberak” edukiko dituela adierazi du azpizuzendariak.
Hori horrela, gaurko State of Playean Ratchet & Clank: Rift Apart edota Horizon 2: Forbidden West bezalako lanak aipatuko dituztela suposa daiteke. God of War berriari dagokionez, Jason Schreier kazetariak 2021ean argitaratuko dela zalantzan jarri du Twitterren.
Gran Turismo 7, 2022ra
Izan ere, aurten argitaratzea aurreikusten zen Gran Turismo 7 2022ra geroratzea erabaki dutela iragarri dute Sonykoek. GQ aldizkarian Jim Ryan PlayStationeko buruari egindako elkarrizketa batekin eman dute berria.
Artikuluan irakurri daitekeenez, Ryani GT7ren garapenari buruz galdetzerakoan Sonyren harreman publikoetako kide batek elkarrizketa gelditu eta jarraian dauden adierazpenak gehitzea eskatu zuen. “Gran Turismo 7k Covidarekin harreman zuzena daukaten produkzioari lotutako erronkak jasan ditu, eta horren ondorioz argitaratze data 2021etik 2022ra aldatuko da. Gaur egungo pandemiarekin egoera dinamikoa eta aldakorra da, eta horregatik jokoaren garapeneko atal garrantzitsuak geldotu egin dira azken hilabeteetan. GT7ren argitaratze dataren inguruko berriak ahal ditugunean eskainiko ditugu”.
PlayStation PCra begira dago
Ryan ez da PlayStation kontsolei buruz soilik mintzatu elkarrizketan: PCa izan da aipatutako beste plataformetako bat. Izan ere, Horizon Zero Dawn joan den urteko abuztuan iritsi zen ordenagailuetara, lehenengo Steam bidez eta ondoren GOG plataforman argitaratuta. “Jendeari gustatu egin zitzaiola eta erosi egin zuela” adierazi du Ryanek; lehen hilabetean 700.000 ale saldu zituen jokoak. Horrez gain, PCan argitaratzeko erabakiaren inguran ez dute erantzun negatiborik nabaritu PSko komunitatearen aldetik.
Bideo-joko bat garatzeak suposatzen duen gastu ekonomikoa areagotu egin dela ere aipatu du, frankizien garrantzia handitzen doan heinean. Dagoeneko argitaratutako lanak PCra eramatea gero eta errazagoa dela gehitu dio horri; hortaz “egin beharrekoa argi dagoela” eta “norabide horretan pausoak ematen jarraituko dutela” dio PlayStationeko arduradun nagusiak.
GQkoek iragarri dutenez ibilbide horretan jokalariek ikusiko duten lehen jokoa Days Gone izango da. Jatorriz 2019an PS4rako argitaratua, PCra apirilaren 26an helduko da; Steameko orrialdea publiko egin dute jada. Halere, Days Gone PCrako prestatzen ari diren lehen jokoa baino ez dela ziurtatu dute aldizkaritik.
Iruzkinak