“Hirugarrenen joko nagusiak eta indie tituluak” erakutsiko dituzte nagusiki. Errealitate birtualeko lanak ere aipatu dituzte.

Aurkezpen bakarra barik, bi jarraitzeko aukera edukiko dugu gaur. Nintendo-k Direct zuzenekoa iragarri ostean, gauza bera egin dute PlayStation-ekoek: State of Play aurkezpena prestatu dute gauerako.

23:00etan hasiko da zuzenekoa, baina ez dute iraupena aipatu. PlayStationen YouTubeTwitch eta TikTok kateetatik ikusi ahalko da:

Erakutsiko dituzten bideojokoetan sakondu gabe, euren jatorria adierazi dute. “Dagoeneko PlayStation kontsoletarako iragarritako jokoetan ardaztuko gara”, diote PS Blog-ean. “Indie eta PS VR2 esanguratsuetatik hasita gure bazkideen hirugarrenen joko nagusiak erakutsiko ditugu”.

Hori irakurrita, agertuko diren hainbat obra suposa ditzakegu: Final Fantasy VII Rebirth, Alan Wake 2, Dragons Dogma 2, Helldivers 2, Tekken 8 eta beste hainbat azalduko direla uste da.

Sony PlayStation Studios taldeko jokoak erakustera animatzen bada, Marvel’s Spider-Man 2 ikusi beharko genuke, gutxienez. Azken PlayStation Showcase-an iragarritako Marathon, Fairgame$ eta Concord ere aipatzen dira, baina horiek kaleratzeko asko falta dela aurreikusten da oraindik.

PCko bertsioen zurrumurruak ere entzun ditugu —State of Playa iragarri aurreko orduetan, gainera—. Izan ere, billbil-kun insider ezagunak Horizon Forbidden West Complete Edition filtratu du: PCko eta PS5eko bertsioak edukiko lituzte, Aloy-ren azken abentura eta espantsioa batuz.

Tokyo Game Show azoka aurretik Sonykoek State of Play aurkezpena egiten duten bigarren urtea da jarraian. Hortaz, gauzak aldatzen ez badira behintzat, ohitura hau mantentzen jarraituko dutela pentsatzekoa da; Nintendokoek gauza bera egiten dute.

Gauean ikusiko dugu ea egia ote den. Aipatu modura, State of Playa 23:00etan abian jarriko da.