PlayStation-ek hurrengo hilabeteetan bere kontsolan zein VR gailuan kaleratuko diren bideojokoak ezagutzera eman ditu.
State of Play aurkezpen berria burutu du PlayStationek gaur gauerdian. Hainbat ezusteko erakutsi dituzte, baina, batzuk nabarmendu nahi izanez gero, Ghost of Yotei, Monster Hunter Wilds, Soul Reaver 1 & 2 Remastered, Hell is Us, Dynasty Warriors: Origins edo Horizon Zero Dawn Remastered aipatu beharko lirateke.
Izan ere, PlayStation 5era zein PS VR2 errealitate birtualeko gailura datozen hilabeteotan iritsiko diren bideojokoen berri eman dute ekimenarekin. Nola ez, orain gutxi iragarritako PS5 Pro polemikorako hobetutako tituluak ere erakutsi dituzte.
Ez dezagun denborarik galdu, eta has gaitezen iragarpenik interesgarrienak ezagutzen.
Ghost of Yotei
Gaueko ustekabea Sucker Punch estudioaren eskutik etorri zen. Ghost of Tsushima arrakastatsuaren jarraipena garatzen dabiltza; oraingoan, baina, protagonistaz, kokapenez zein aroz aldatuko dute. 1603. urteko Hokkaidora bidaiatuko dugu —Japonia iparraldean dagoen irla nagusira— Atsu izeneko emakumearekin.
Originalaren antzeko proposamena prestatzen dabiltzala ikus daiteke bideoan: samuraien arteko borrokak, mundu ireki liluragarria eta istorio sakona bilduko ditu bideojokoak. 2025ean kaleratuko dute printzipioz, PS5 kontsolan.
Soul Reaver 1 & 2 Remastered
Raziel bueltan da. Nahiz eta ordu batzuk lehenago filtratu zen, Legacy of Kain sagaren zaleek gozatzeko iragarpena ikusi dugu. Legacy of Kain: Soul Reaver 1en zein 2n birmasterizazioak prestatzen ari da Crystal Dynamics taldea.
Grafikoki hobekuntza esanguratsuak ikus ditzakegu: modeloak, argiztapena eta testurak hobetuta datoz, bereizmenaren areagotzearekin batera. Abenduaren 10ean berriz ekingo diogu mendekuaren bideari kontsoletan zein PCan.
Monster Hunter Wilds
MH berria bideojokoen aurkezpenetako ohiko gonbidatuan bihurtu da honezkero. Oraingoan Capcom-en abenturaren narratiban sakondu nahi izan dute, baina datu garrantzitsua ere eskaini digute: MH Wilds urtarrilaren 17an estreinatuko da.
Ehiza PS5, Xbox Series eta PC plataformetan abiatuko da.
Hell is Us
Rogue Factor-ek garatutako eta Nacon-ek argitaratutako Hell is Us interesgarriak jokalari guztien begiradak erakarri ditu. Etorkizuneko munduan girotutako soulslike estiloko abentura hau atal grafiko ikusgarriarekin zein proposamen interesgarriarekin dator.
Argitaratze datarik gabe, gehiago jakiteko itxaron egin beharko dugu.
Alan Wake 2 – The Lake House
Remedy Entertainment-en azken maisulanak eduki gehigarriak jasotzen jarraitzen du. The Lake House-kin berriz beldurraren erroetara itzuliko direla esan daiteke. Proposamen misteriotsua urrian estreinatuko da.
Horizon Zero Dawn Remastered
Aloy-ren lehen abenturaren birmasterizazioa ere filtratu da aurretik, baina espero baino handiagoa dela dirudi: bigarren Horizon Forbidden West ikusgarriarekin atal grafikoa hartzen du originala beste maila batera eramateko.
PS5ean zein PCan argitaratuko da urriaren 31n; PS4an originala erosi zutenek 10 eurotan eskura dezakete bertsio eraberritua.
Lego Horizon Adventures
Frankizia berberarekin jarraitzen dugu, baina proposamen zeharo desberdina hartuta. Aloyren Lego jokoaren irudi gehiago ikusi ditugu State of Playean, aukerak zein itxurak erakutsiz.
Azaroaren 14an jasoko dute PS5eko, PCko, eta, adi, Switch-eko jokalariek.
PlayStation 5 Prorako hobetutako bideojokoak
Azaro hasieran merkaturatuko duten PlayStation 5 Proa sustatzen jarraitzeko bideotxo laburra eskaini zuen Mark Cerny hardware arkitektoak. Hobekuntza grafikoak jasoko dituzten hainbat bideojoko aipatzen dira bertan, dagoeneko kaleratutakoak zein laster estreinatuko direnak: Final Fantasy VII Rebirth, Stellar Blade, Assassin’s Creed Shadows, Dragon’s Dogma 2, Alan Wake 2 edo Metal Gear Solid Delta, adibidez.
Astro Bot-en doako eguneraketa
Team Asobi-k orain gutxi iragarri bezala, Astro Bot dibertigarria hedatzen jarraitzeko eduki gehigarria kaleratuko dute laster. Udazkenean bost speedrun maila eta hamar bot berri gehituko dizkiote plataforma jokoari: Helldivers edo Stellar Blade frankizietakoak ikusi ditugu jadanik.
Dynasty Warriors: Origins
DW sagak ez du behar aurkezpen edo azalpen handirik: ehundaka, milaka arerioren aurka ibiliko gara Txinako heroirik ezagunenak kontrolatuz. Atal grafiko ikusgarria aipatu behar da, ordea: pantailan agertuko den guztia modu ederrean ikusiko dugu urtarrilaren 17an.
PS VR2 jokoak
Errealitate birtualera bideratutako hainbat obra interesgarri ere ikusi ditugu aurkezpenean. Azaroaren 7an kaleratuko den Metro Awakening VR ikusgarriarekin batera iritsiko dira Hitman World of Assasination VR (abenduan) eta The Midnight Walk itxurosoa (datarik gabe) datoz.
Palworld
Zurrumurruek asmatu dute. Pocketpair-en ehiza eta biziraute bideojoko ezaguna PlayStation 5era iritsi da: dagoeneko Palworlden joka dezakegu. Polemika artean dator, ordea: Nintendo-k eta The Pokémon Company-k patente urraketengatik salatu dute indie estudio japoniarra.
ArcheAge Chronicles, Dragon Age The Veilguard eta Towers of Aghasba
State of Playko iragarpen interesgarrienekin bukatzeko, fantasia jokoen sorta dator. ArcheAge Chronicles ikusgarria datorren urteko urrian kaleratuko da, baina mikroordainketa mordoarekin etorriko dela diote jarraitzaileek; Dragon Age The Veilguard urrian estreinatuko da, eta horren bideo zinematikoa utzi digute EAkoek; bukatzeko, Towers of Aghasba ederraren hiriak ikusi ditugu berriz, azaroan estreinatuko baita aurretiazko sarbidean.
State of Play aurkezpena bere osotasunean ikusi nahi baduzu, jarraian daukazu bideo osoa:
Iruzkinak