Stellar Blade eta Rise of the Ronin erakutsiko dituzte 40 minututan beste hamabost bat jokorekin batera.
Sony-tik State of Play berria iragarri dute. Ohi bezala, iragartzea eta jarraian egitea da asmoa: bihar bertan ikusiko dugu zuzeneko aurkezpena.
Eguna bukatu aurretik egingo dute Euskal Herrian: 23:00etan hasiko da ekimena, eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, 40 minutu inguru iraungo ditu. PlayStationen Twitch, YouTube eta TikTok plataformen bidez jarraitu ahalko da.
Garrantzitsuena, baina, bertan agertuko diren bideojokoak izango dira, eta dagoeneko bi ezagutzen ditugu. Stellar Blade da lehenengoa: aspaldi Project EVE izenaz ezagutzen genuen hack and slash korearra. Bestea Team Ninja estudioaren Rise of the Ronin da. Biak PlayStationen aurkezpenetan azaldutakoak izanik, joera hori mantenduko dutela dirudi.
Ez dira State of Playean azalduko diren joko bakarrak izango, ordea: PlayStation 5era zein honen errealitate birtualeko PS VR 2 gailuetara iritsiko diren beste hamabost bat titulu egongo direla iragarri dute Sonykoek.
Zurrumurruen arabera, Until Dawn beldurrezko jokoaren bermasterizazioa ikusiko dugu PS5erako nahiz PCrako. PlayStationen jokoetatik maiatzean iragarritako Concord multijokalaria ere agertuko da, diotenez.
Hideo Kojima sortzailearen Death Stranding 2 azaldu beharko litzateke; Ken Levine egileak, bestalde, Judas misteriotsua berriz erakusteko aprobetxatuko du; Sega Sonic Generations maitatuaren bermasterizazioa erakusteko pasako litzateke; Konami-ren Silent Hill 2 berregitea egongo dela diote insider-ek, bukatzeko.
Bihar ikusiko dugu, dena den, erakusteko daukatena. Esan bezala, 23:00etan hasiko da State of Play aurkezpena.
Iruzkinak