35 minutuko zuzenekoa agindu dute, “PlayStation Studios-en zein nazioarteko kideen” bideojokoekin.
PlayStationek State of Play berria iragarri du. Bihar gauean PS5erako bideojoko berriak aurkezteko emanaldi berezia antolatuko dute.
23:00etan hasiko dute, ohi bezala, YouTube eta Twitch kateetatik jarraituko dugun zuzenekoa. 35 minutukoa izango da irailekoa, eta, aurreratu dutenez, Housemarque estudioaren Saros itxurosoaren berri emango digute bost minutuko jokagarritasun bideoarekin, besteak beste.
PlayStation Studioseko taldeen obra gehiago espero dira, noski, baina hirugarrenen estudioen lanak ere erakutsiko dituztela aldarrikatu dute Sony-koek.
State of Playa hainbat insider-ek aurreratu dutenez azken asteotan, ez da inolako ezustea izan. Informazio gehiago utzi digute, baina, filtrazioetan eta zumurruetan barrena ibiltzen direnak: antza denez, Insomniac Game estudioak aspaldi iragarritako —eta ondo filtratutako— Marvel’s Wolverine bideojokoa ganoraz ikusi ahalko dugu. X taldeko Otsokumeren joko berria, alegia.
Bihar gauera itxaron beharko dugu State of Play berriaz gozatzeko: aipatu modura, 23:00etan hasiko da emanaldia.
Iruzkinak