Ordubeteko iraupena edukiko du, eta Marvel’s Wolverine erakutsiko dute PlayStation 5era iritsiko diren bideojokoen artean.
PlayStationek State of Play aurkezpenari data berria ezarri dio. 2026ko udako saioa ekainaren 2an ikusi ahalko da, zuzeneko emanaldi berezian.
23:00etan hasiko dira ekitaldiarekin, eta, aurreratu dutenagatik, ordubete baino gehiago iraungo du. PlayStation 5ean estreinatuko diren bideojokoak izango dira ardatza oraingoan. Ekimen handia izango dela dirudi: udako aurkezpenen artean kokatzen dela aipatuta, denborarekin iragarri dutela azpimarratu beharra dago —PlayStationek egun gutxi batzuk ezagutarazteko ohitura dauka—; bukatzeko, AEBetako areto desberdinetan zuzenean ikusteko aukera ere iragarri dute.
Iragarpenen zerrenda ezkutuan mantendu badute ere, bertatik igaroko den bideojoko handietako bat aditzera eman dute: Marvel’s Wolverine. Insomniac Games taldearen jokoa irailaren 15ean estreinatuko da, eta, oraingoz, zinematika trailer pare bat baino ez dizkigute eskaini; hori horrela, ez da harritzekoa Otsokumeren jokoari txoko berezia eskaintzea.
Obra gehiago ere egongo dira, noski, eta zurrumurruak indarra hartzen dabiltza dagoeneko. Capcom-en Onimusha: Way of the Sword hainbat State of Play zuzenekoetatik igarota, berriz ikustea espero da, oraingoan, argitaratze data iragartzeko; izan ere, 2026an kaleratzeko asmoa daukate japoniarrek, Resident Evil Requiem, Pragmata nahiz Monster Hunter Stories 3 jokoekin sekulako arrakasta eskuratu ondoren.
Horrenbeste aldiz entzun dugun God of War ere ager daiteke: Kratos ez litzateke protagonista izango, Atreus-en ama Faye baino. Final Fantasy VII berregiteen hirugarren eta azken atala, edo Kingdom Hearts 4 ere ikus ditzakegu, ametsetan jarraituz.
Gehiago: PlayStationen babesa duen Kena: Scars of Kosmora, Marathon zerbitzu jokoaren eduki berriak edo Naughty Dog prestatzen ari den Intergalactic: The Heretic Prophet ere ager daitezke, Horizon Hunters Gathering titulu kooperatiboarekin batera.
Ekainaren 2an ikusiko dugu datorrena: YouTube eta Twitch kateetatik eskainiko du zuzenekoa PlayStationek.
Lander Unzueta
Iruzkinak