PlayStation munduko 30 minutuko ekimen berezia izango da. Besteak beste, PS VR2 errealitate birtualeko gailurako tituluak erakutsiko dituzte.
PlayStationekoek State of Play berria baieztatu dute: datorren ostiralean, ekainaren 3an, eskainiko dute aurkezpen digitala euren ohiko plataformetan.
Egun horretan gauerdian abiatuko dute zuzenekoa. Ordu erdiko iraupenarekin, “PlayStation munduko iragarpenak eta eguneraketak” erakutsiko dituzte. Hori kenduta, xehetasun gutxi eman dituzte ekimenari buruz; bi hilabeteko atsedenaldiaren ondoren hainbat joko izango dituzte aurkezteko, hori bai.
Ez dirudi, ordea, PlayStation Studios-ekoen joko handiak iragartzeko zuzenekoa izango denik. Kanpoko estudioen tituluak aipatzen dituzte prentsa oharrean, “gauza interesgarriak” bilduko dituztela adierazita. Begirada gehienak erakarriko dituztenak, dena den, errealitate birtualeko gailu berrirako proiektuak izango dira: PlayStation VR2 tresnarentzako jokoak erakutsiko dituztela agindu dute enpresa japoniarrekoek.
State of Play aurkezpena ekainaren 3an 00:00etan hasiko dute Twitch zein Youtube bidez.
Iruzkinak