20 minutuko zuzenekoan PS5-eko, PS4-ko eta PS VR2-ko hamar bideojoko erakutsiko dituztela agindu dute.

Egun berezia da gaurkoa bideojoko enpresa japoniarrentzat. Nintendo-k Direct aurkezpena iragarri ondoren, PlayStationekoek ere ekimen propioa baieztatu dute: gaur bertan State of Play zuzenekoa ikusi ahalko dute bideojokozaleek.

23:59ean emango diote hasiera. Ohi bezala, iraupena zehaztu dute PlayStation Blog-ean: 20 bat minutuko ekitaldia izango da japoniarrena.

Bideojokoei dagokienez, hamar ikusiko ditugula agindu dute: hauek PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletakoak izango dira, baina baita PlayStation VR2 errealitate birtualeko gailuena ere. Tokyo Game Show azoka etzi hasiko da, eta, beraz, garatzaile japoniarrak protagonista izango direla dirudi: “gure kide japoniarren berriak izango ditugu biharko, nazioarteko garatzaileek eskainitako ezustekoekin batera”.

Horien jokagarritasun bideoak aurkeztuko dituzte zuzenekoan; horrez gain, “eguneraketa berriak” ere aipatzen dira prentsa oharrean.

Hortaz, gauerdian ikusiko ditugu berritasun hauek guztiak. 23:59etik aurrera PlayStationen Twitch zein YouTube kanaletatik jarraitu ahalko dugu State of Play aurkezpena.