Errealitate birtualeko PS VR2 gailuentzako tituluak ere iragarriko dituzte kanpoko estudioen lanekin batera.
PlayStationek hurrengo State of Play aurkezpena data iragarri du bere blogean: bihar bertan egingo dute, eta Rocksteady Studios garatzen ari den Suicide Squad: Kill the Justice League interesgarriaren xehetasunak emango dituzte.
22:00etan hasiko dute emanaldia; normalean iraupena zehazten duten arren, oraingoan aipatu gabe geratu dira. Hori bai, Suicide Squadi ordu laurden inguru eskainiko diotela baieztatu dute.
Interesgarria izango da, azken filtrazioetan zerbitzu jokoa dela azaldu baita: battle pass harpidetzak, benetako diruarekin erosteko elementu mordoa eta gure pertsonaiak pertsonalitzatzeko zenbakiz betetako baliabideak agertzen ziren irudiotan. Hortaz, suposatzekoa da bihar jakingo dugula zurrumurrok egiazkoak diren.
Rocksteadyren bideojokoaren bukatuko dute State of Playa; aurretik, baina, PlayStation VR2 gailuentzako titulu guztiz berriak aurkeztuko dituztela aipatzen dute prentsa oharrean. Guztira bost izango dira: “aurten, baina beranduago” merkaturatuko direla aipatuta, gaur bertan kaleratuko duten errealitate birtualeko gailuaren lehen jokoei jarraituko dietenak izango dira.
Bukatzeko, kanpoko estudioen lanak ere bilduko dituzte PlayStationekoek. Hori horrela, etxe japoniarreko bideojoko gutxi ikusiko ditugula pentsa daiteke; agian PlayStation Studios-eko lanen ordenagailurako port-en bat edo beste?
Bihar iluntzera itxaron beharko dugu jakiteko. 22:00etan PlayStationen Twitch zein YouTube kateetatik jarraitu ahalko da emanaldia.
Iruzkinak