PlayStation-ek etorkizunerako bideojokoak erakutsi dituzte aurkezpenean; horien artean daude VR tituluak.

Sony-k State of Play aurkezpenaren azken atala eman du. Dozenaka bideojoko erakutsi dituzte bertan, baina, ohi bezala, gutxi batzuk izan dira benetan nabarmentzekoak. Resident Evil 4-ren berregitea, Baldur’s Gate rol jokoaren hirugarren atala, Street Fighter 6-ren borrokalariak zein Suicide Squad: Kill the Justice League interesgarriaren mekanikak bildu zituzten atzo gauean.

45 minutu inguruko iraupenarekin, askotariko lanak ditugu aipatzeko. Askoz gehiago luzatu gabe, iragarpenen errepasoaren has gaitezen:

Resident Evil 4 Remake

Leon S. Kennedy agentearen itzulera ospatzeko hirugaren trailerra erakutsi zuten Capcom-ekoek. Bertan hainbat pertsonai bueltan ikusi genituen: Saddler zein Krauser zitalekin batera Luis Sera polizia ohia behin eta berriz agertzen da bideoan. Arraroa, joko originalean oso gutxi ikusi baikenuen: oraingoan gurekin batera ariko da ganado beldurgarriei tiro egiten.

Horretaz gain, joko originaleko hainbat kokaleku berreginda azaltzen dira. Nabarmentzekoa da Salazarren gazteluko gela erraldoia: beste behin sufritzea tokatuko zaigula dirudi. Mertzenarioen modalitatea ere bueltan da, baina ez dute horren inguruko xehetasun handirik eman. Suposatzekoa da oinarri berberak mantenduko dituela: epe mugatuan ahalik eta arerio gehien akatzea, konboak eginez eta kalifikazioak lortuz.

Atal grafiko ikusgarria aipatu beharra dago, noski; RE Engine motor grafikoarekin gauza zoragarriak egiten jarraitzen dute. Hau guztia probatzeko demoa ere agindu dute: “laster” kaleratuko da.

Bukatzeko, VR bertsioa prestatzen ari direla iragarri dute Capcomekoek: aurreko jokoekin gertatu modura, PlayStationerako esklusiboa izango da —hau da, PS VR2 gailuentzat—, hasiera batean behintzat.

Resident Evil 4 martxoaren 24an estreinatuko da PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan.

 

Baldur’s Gate 3

Larian Studios-en agerraldia izan zen gaueko ezusteetako bat. Baldur’s Gate 3 desiratuan lanean jarraitzen dute, eta PlayStation 5era ere iritsiko da. Bideo berria aurkezteaz gain argitaratze data ere eman dute azkenik: abuztuaren 31n eskuratu ahalko dugu PS5ean zein ordenagailuetan.

cRPG tituluak sarbide goiztiarrean darama 2020tik; hala ere, itxura ikusgarria duela esan beharra dago. Bideoan abenturako etsai nagusietako bat ezagutu dugu; Ketheric Thorm jeneral beldurgarria.

Kooperatiboan jokatzeko aukera edukiko du: lau adiskide ari daitezke elkarri laguntzen borroka taktikoetan.

 

Street Fighter 6

Argi dago PlayStationen aurkezpenetako izarretako bat Capcom izan dela. Beldurrezko sagaz gain borroka generoko adierazlerik ezagunenetakoa eraman zuen State of Playra: Street Fighter 6.

Bideoa orain arte iragarri gabeko hiru borrokalaritan ardazten da —tira, filtrazioaren bidez aspalditik ezagutzen genituen—: Zangief eta Cammy beteranoak zein Lily berria. Hauen mugimenduak eta eraso bereziak azaltzen dira trailerrean, borroka lanak sekulako itxura duela argi eta garbi utzita.

Ekainaren 2an merkaturatuko da seigarren Street Fighter: PlayStation 5ean eta PlayStation 4an, Xbox Series-etan nahiz PCan jokatu ahalko dugu.

 

Suicide Squad: Kill the Justice League

Rocksteady Studios-en bideojokoak hartu zuen State of Playaren iraupenaren gehiengoa. Suicide Squad: Kill the Justice Leaguen pare bat bideo aurkeztu zituzten, jokagarritasuna lehen aldiz erakutsita eta garatzaileen aldetik hainbat xehetasun emanda.

Harley Quinn, Deadshot, Captain Boomerang eta King Shark zitalen rola beteko dugu akzioz betetako jokoan. Helburu nagusia: Justice Leagueko superheroiak akatzea. Izan ere, Superman, Batman edo Flash bezalako heroiak Brainiac maltzurraren kontrolpean daude, mundua konkistatu guran.

Kokaleku erraldoietan tiroka eta abilezia bereziak erabiltzen ariko garela ikus daiteke. Mugikortasuna azpimarratzekoa izango da: protagonistetako bakoitzak lekuak zeharkatzeko bide desberdinak ditu —Harleyk gantxoa, Boomerangek teleportatzea, Deadshotek hegan egitea…— eta elkarlanean dozenaka arerio sarraskitzen ibiliko gara.

Atal grafiko ikusgarria dauka, zalantzarik gabe: gune erraldoiak xehetasunez beteak daude, eta pertsonaien modeloak zein animazioak ikaragarriak dira.

Onena, baina, kooperatiboan aritzea izango da: lau jokalarik elkarrekin hil dezakete justiziaren liga. Zoritxarrez, battle pass-ak eta bestelako ordainpeko eduki gehigarriak baieztatu dituzte; alabaina, jokoa merkaturatu ostean denetariko ezaugarriak gehitzen joango direla dirudi. Pertsonaiak, armak, misioak eta bestelakoak aipatu dituzte Rocksteadykoek.

Oinarrizko jokoa maiatzaren 26an iritsiko da: PlayStation 5ean, zelan ez, nahiz Xbox Seriesetan eta PCan argitaratuko da.

 

Errealitate birtuala PlayStationen

PS VR2 gailuak estreinatu berri direnez, horietarako bideojokoetan sakontzea erabaki dute PlayStationekoek. Dagoeneko Resident Evil Village, Horizon Call of the Wild edo Gran Turismo 7 bezalako VR jokoak dituzte; hala ere, etorkizunean beste bost iritsiko dira.

The Foglands tiro jokoa izan zen atzo gaueko esanguratsuenetako bat. Well Told Entertainment-en bideojokoak western girotzea roguelike elementuekin batuko du. Bigarrena Green Hell izan da: PC-an argitaratuta dagoen joko honetan biziraupena da nagusi. nDreams estudioa garatzen ari den Synapse interesgarriak fisikak eta tiroketa futuristak izango ditu. Laugarren VR jokoa Journey to Foundation da: Isaac Asimov idazlearen Foundation liburuetan oinarritutako zientzia fikziozko lana izango da. Aipatutako lau lanok ez dute argitaratze data zehatzik: 2023an kaleratzea aurreikusten dute arduradunek.

Azkenik, Before Your Eyes daukagu errealitate birtualen jokoen aldetik.  GoodbyeWorld Games-en titulu ederra PlayStationera iritsiko da Steam-etik igaro ondoren; gainera, BAFTA saria lortu ostean egingo du. Lehen pertsonan biziko dugun istorio emozionala aurkeztuko du: gure pertsonaiaren erabakiak kliska eginda hartuko ditugu.

 

Ninjak, musika taldeak eta gizadia gidatzen duten txakurrak

Aipatutako bideojokoak izan ziren atzoko garrantzitsuenak, baina beste iragarpen batzuentzako lekua ere egon zen PlayStationekoen hitzorduan. Naruto ninja gaztearen zaleek Naruto X Boruto Ultimate Ninja Storm Connections-en iragarpena ezagutu zuten: CyberConnect2 taldeak argitaratu dituzten Ultimate Ninja Storm borroka saga ezagunaren bilduma izango da. Berritasunak dakartza: adibidez, Indra eta Ashura kondairekin borrokatzea.

Humanity bitxia ere aipatzekoa da. Rez eta Tetris Effect ezagunen sortzaileek beste puzzle joko bat dakarte: oraingoan, shiba txakur baten rola beteta gizadia gidatu beharko dugu Lemmings jokoak gogorarazten dituzten puzzleekin.

Arreta erakartzea lortu zuten jokoekin bukatzeko Goodbye Volcano High  aipatuko dugu. Amodioa eta harremanak nagusi dituen lan honetan musika izango da nagusi.

Dena den, izendatutakoak baino titulu gehiago agertu ziren atzo gaueko State of Play aurkezpenean. Ekimen osoa ikusi nahi izanez gero, jarraian duzu bideo osoa: