Subnautica: Below Zeroren gameplay berria eta Among Usen PlayStation kontsoletarako iragarpena agertu ziren Sonyren aurkezpenean.
PlayStationek agindu bezala, Insomniac Gamesen hurrengo joko handiaren bideo berriak erakusteko State of Play aurkezpen digitala egin zuten pasa den astean. Ordu laurden inguruko iraupenarekin Ratchet & Clank: Rift Apart izan zen ekimeneko protagonista nagusia, baina beste obra batzuentzako txokoa ere egin zuten japoniarrek.
Egun batzuk lehenago Rivet protagonista berria aurkeztu zuten garatzaileek, eta State of Playean bere lehen jostagarritasun bideoa ikusi ahal izan zen. Ratcheten antzera ibiliko da Rivet, Clank robota lepoan hartuta arma zoroak erabilita.
Pertsonaia berria ez zen izan aurkezpeneko atalik esanguratsuena, baina. Erabateko protagonistak PlayStation 5aren SSDa eta honen bizkortasuna izan ziren zalantzarik gabe. Jokoaren azpitituluko rift edo portalak toki batetik bestera bat-batean teleportatzeko aukera eskaintzen dute: ikaragarria da metro batzuetara dagoen gune batera ziztu bizian igarotzea, baina are txundigarriagoa da kokalekua guztiz aldatu eta beste planeta desberdin batean karga denborarik bizi gabe agertzea. Ez da gainera gune mugatu bat izango, maila osoa kargatuko baitira berehala portal horiek igarotzerakoan.
Atal teknikoaren aldetik izugarrizko lorpena izateaz gain jostagarritasun aldetik berritasun nabarmenak dakartza ezaugarri honek. Jokalariak behin eta berriz ariko dira ziztu bizian bidaiatzen portal hauei esker.
Bat-bateko karga denborekin batera grafiko ikaragarriak ere nabarmentzekoak dira: Nefarious City bezalako kokalekuak itxura aparta daukate, elementuz beteak eta zoratzeko argiztapenarekin. Aipatzeko tamaina ere izango dute bisitatzeko egongo diren tokiek, eta gune irekiak eta guzti egongo dira abentura honetan.
Bideoaren une batean izaki baten gainean igonda jazarpen bat ikus daiteke: abiadura bizian kokagunea zeharkatzen doa Rivet, eta bertatik beste dimentsio batera jauzi egiten du, konektatu gabeko bi leku handi unean batuta.
Pertsonaien xehetasun maila eta horien animazioen kalitatea ere ikustekoak dira. Aurkezpena 1440p edo 4K bereizmenean ikustea aholkatzen da, bideo-jokoak animaziozko filma ematen baitu.
Bestalde, ohiko Ratchet & Clanken abentura aurkituko dute jokalariek Rift Aparten. Arma mordoa, etsai zoroak eta umorea batuko ditu Insomniac Gamesen hurrengo bideo-jokoak ekainaren 11n PlayStation 5erako.
Indieak garatzaile handien parean
Esan bezala, aurkezpenaren ardatza Rift Apart izan zen arren beste bideo-jokoentzako lekua ere egon zen PlayStationen. Hain zuzen ere, bi indie jokoren berri emateko aprobetxatu zuten japoniarrek, garatzaile independenteek industriaren baitan lortzen ari diren garrantzia azpimarratzeko adierazgarri aparta izanik.
Erakutsi zuten lehen abentura Unknown Worlds garatzailearen Subnautica arrakastatsuaren jarraipena izan zen: Below Zero.
Izoztutako bioma berriak bilduko dituen 4546B planeta esploratu beharko dute bertan jokalariek. Nola ez itsaspean ibiliko beharko dira, baina izotz gainean lurrazala ikertzea ere beharrezkoa izango da. Baldintza artikoetan tresna eta ibilgailuak fabrikatzea ezinbestekoa izango da bizirauteko.
Subnautica: Below Zero maiatzaren 14an estreinatuko da PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan. Horrez gain, jatorrizko Subnautica PS4an erosi zutenek doan jasoko dute PS5erako bertsio hobetua.
Jatorriz 2018an kaleratu bazen ere, iaz berpiztu eta ikaragarrizko arrakasta lortu zuen Among Us PlayStation kontsoletara iritsiko da gainera. InnerSlothen bideo-jokoak PS5erako zein PS4rako bertsioak izango ditu: aurten prest izatea aurreikusten dute, baina ez dute argitaratze datarik zehaztu.
State of Playean gehitzeko aitzakia modura, Ratchet & Clanken jantzi esklusiboak edukiko dituzte PlayStationerako bertsioek.
Iruzkinak