PlayStation-en ekimenak bideojokalari gutxi utzi ditu pozik, baina hainbat obra interesgarri ikusteko balio izan zuen.
Atzo gauean eman zuten PlayStationek bere aurkezpenen formatuko azken atala: State of Playak hainbat bideo-joko bildu zituen 20 minututan, eta horietako protagonistak, zalantzarik gabe, lan independenteak izan ziren.
Aurkezpena baino lehen zabaldu zuten sareetan izarrik handienaren izena: Little Devil Inside. Neostream Interactive estudio korearrak 2015ean burutu zuen jokoa sortu ahal izateko finantzazio kanpaina Kickstarter bidez, eta ordutik hona abentura prestatzen dihardute. Lan benetan berezia izango da, eta hori ezagutzera emateko bideoarekin bukatu zuten atzoko aurkezpena.
Munduko mapa erakutsi zuten bertan lehenengoz; misio arruntak erakutsi beharrean bidaiek nola funtzionatuko duten erakutsi nahi izan zuten garatzaileek. Estetika berezika duen obra honetako mundua zeharkatzerakoan hainbat jarduerekin eta ekimenekin topo egingo dute bidaiariek: batzuetan artaldeak baino ez dira izango, baina pertsonaia berriak eta bestelakoak ezagutzeko aukera ere egongo da leku batetik bestera ibiltzerakoan: oinez, astoarekin, autoan zein trenean bidaiatu daiteke.
Borrokentzako tokia ere egongo da Little Devil Insiden, baina joko guztia ziztu bizian gainditu beharrean patxadaz hartzeko abentura izatea nahi dute korearrek, “askotariko girotzeekin gozatzeko”. Bideo-jokoak ez du oraindik argitaratze datarik; PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan estreinatuko dela aipatu zuten atzoko trailerrean, baina PC-rako, Xbox-erako eta Switch-erako espero da baita.
State of Playko ezusteetako bat Death’s Door bikaina PlayStationera iritsiko dela baieztatzerakoan eman zuten. Acid Nerve-n akziozko RPG jokoak sekulako kritikak lortu ditu PCko eta Xboxeko bertsioetan, eta Devolver Digital banatzaileak are plataforma gehiagotara eraman nahi du. Azaroaren 23an estreinatuko da bai Sonyren kontsoletan, bai Nintendo Switchean. Erreserbatzen dutenek garatzailearen aurrekoa jokoa eskuratuko dute doan: Titan Souls.
Bugsnax izan da PlayStation 5a merkaturatzearekin batera kaleratutako jokorik bitxienetako bat. Hasiera batean askok alboratu zuten arren, Young Horses-en jokoak bideojokozaleak maitemintzea lortu du. Hori dela eta, eduki gehiago jasoko ditu abenturak doako DLC batekin: Isle of BIGsnax.
Bertan bugsnax izaki erraldoiak ikertu beharko dira pistola erreduktorea erabilita. 30 misio, 100 erronka eta 200 objektu berri eskainiko ditu eduki gehigarriak. Datorren urte hasieran iritsiko da PS5eko, PS4ko eta PCko jokora.
KartRider: Drift izan zen aurkezpenean ezagutzera emandako beste joko interesgarrietako bat. Mario Kart-en klon hau guztiz doakoa izango da, eta Nintendo-ren frankiziako oinarrizko elementuak batuko ditu: estetika koloretsua, auto bizkorra, dozenaka objektu eta turboz betetako zirkuituak.
Beta itxia hasiko dute abenduan: izen ematea zabalik dago dagoeneko PlayStation 4rako probarako jokoaren webgunean. Datorren urtean estreinatuko da lasterketen joko zoro hau; PS4an merkaturatzeaz gain PCra eta Xbox Onera ere iritsiko da.
State of Playean etenik gabe aurkeztu zituzten bideo-jokoak. Besteak beste, Deathverse: Let It Die multijokalari abentura, musikaz betetako We Are OFK, Five Nights at Freddy’s beldurrezko sagaren Security Breach joko berriko jostagarritasun trailerra, edota Among Us-en pausoak jarraitzen dituen First Class Trouble erakutsi zituzten Sonykoek.
JRPG abenturentzako txokoa ere egon zen, baina. Ez edonoren eskutik gainera: Square Enix-ekoek Star Ocean sagako atal berria iragarri zuten; The Divine Force PS5era eta PS4ra iritsiko da 2022an. Frankiziaren 25. urteurrena ospatzeko lana izango da. Ohi bezala, zientzia fikzioa eta fantasia batuko ditu; istorioa aldatuko duten erabakiak ere hartu beharko dituzte jokalariek, borroka bizietan parte hartzeaz gain.
PlayStation kontsoletan bakarrik estreinatu beharrean, PCan zein Xbox kontsoletan ere kaleratuko dute Star Ocean The Divine Force garatzaile japoniarrek.
Iruzkinak