Unreal Engine 5.2 motor grafikoaren berritasunak aditzera eman dituzte Epic Games-eko arduradunek.
Epic Gamesek State of Unreal aurkezpena burutu du GDC 2023 azokan. Senua’s Saga: Hellblade 2, Lords of the Fallen zein Unreal Engine motor grafikoa erabiltzen duten beste zenbait bideojokoren itxura eta hobekuntzak ezagutzera emateko aprobetxatu dute.
Aurkezpena UEren 5.2 bertsioa erakutsiz hasi zuten, honen berritasunik nabarmenenean sakonduz: kokaleku ikaragarriak prozeduralki sortutako tresnan. Bideo hasieran eskuz sortutako paisaiak erakusten dituzte: atal grafiko apartaz eratutako oihana ageri da.
Momentu batetik aurrera, ordea, azaltzen den guztia prozeduralki eraikitakoa da; hala eta guztiz ere, ez dago aurreko tokietatik desberdintzeko modurik.
Are gehiago, uneko adibideak erakusten dituzte Epiceko arduradunek: mendiak hartu eta denbora errealean mugitzen dituzte, ondoren motor grafikoak inguruak fintzeko eta txukuntzeko.
Demo teknikoak baino gehiago
Gauza bera egin dute programa ezagunaren beste teknologia batzuekin ere. Metahuman gizakiak sortzeko erremintaren Animator aukera ezagutzera eman dute; Hellblade 2 ikusgarriko adibideak jarri dituzte erakusteko. Senuaren keinuak, begiak nahiz espresioak xehetasun osoz irudikatuta daude.
Senua’s Saga: Hellblade 2k ez dauka argitaratze data zehatzik; Xbox Series kontsoletan eta PCan jokatu ahalko dugu.
Lords of the Fallen itxurosoaren demo teknikoa izan da azaldutako beste bideo bat. Soulslike honen pertsonaien editorearekin hasi dira CI Games estudiokoak, baina onena ostean dator: kokalekuak zein pertsonaiak ikaragarrizko kalitate mailarekin sortutakoak dira.
Testurek edo modeloek erakutsitako xehetasunak erotzekoak direla erakutsi dute garatzaileek; nabarmentzekoa da baita argiztapenarekin egindako lan aparta.
PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan kaleratuko da Lords of the Fallen: printzipioz garapena 2023an bukatzea aurreikusten dute.
NCSoft korearra ere igaro zen aurkezpenetik Project M akziozko tituluaren nondik norakoak azaltzeko. Unreal Engine 5ekin funtzionatuko duen jokoa korearren “proiekturik anbiziotsuena” dela diote. Mekanikei buruzko azalpen nahasgarriak emanda —denboran bidaiak edo denbora lerroak aldatuko dituzte erabakiak aipatzen dira trailerrean—, batez ere aurpegien eta keinuen teknologietan ardaztu dira.
Pelikula interaktiboa izango da, halere: tiroketak agertzen diren arren, Quantic Dream estudioak sortutako lanekin antzekotasun handiak edukiko dituela dirudi. Project Mk ez dauka ez argitaratze datarik, ez baieztatutako plataformarik.
Fortnite, komunitatearekin batera
Bukatzeko, zelan ez, Fortnite aipatu behar dugu; izan ere, UE5ekin sortutako baliabideak battle royale ezagunean inplementatzeko tresnak argitara eman dituzte Epicekoek. Unreal Editor erreminta beta fasean kaleratu dute: “bideojokoak zein esperientziak zuzenean Fortniten argitaratzeko” balio du. Prestatutako baliabideak kontsoletan nahiz ordenagailuetan proba daitezke, denbora errealean aldatuz.
Sortutakoak saltzeko aukera daukate eduki sortzaileek, gainera. Creator Economy 2.0 sistemarekin irabazien % 40 sortzaile taldeentzat izango direla diote Epicetik.
Epic Gamesek State of Unreal aurkezpenean bideo eta hitzaldi gehiago eskaini ditu; askoz gehiago, egia esan, aurkezpenak zazpi orduko iraupena baitu. Hemen ikus dezakezu osorik:
Iruzkinak