Bezero nagusia zein SteamOS gaurkotu dira. Fotogramen tasa biltzeko aukera ere gaineratu da.
Valve-k Steam plataforma eguneratu du, ezaugarri zein baliabide berriak inplementatuta. Erabiltzaileek analisietan beren hardware zehaztapenak adieraztea edo Proton geruzarentzako ntsync driverra dira, besteak beste, gehitutako berritasunak.
Gaurkotzeak Steamen bezerora nahiz SteamOSera iritsi dira: sistema eragilearen kasuan, SteamOS 3.7.20 bertsioa da egungo adabaki egonkorrik berriena.
Oraindik aurrera, bideojokoen analisiak idazterakoan eta argitaratzerakoan gure PCaren informazioa parteka dezakegu. Gure gailu desberdinen zerrenda osa dezakegu analisiak argitaratu aurretik, ondoren bakoitza nabarmentzeko.
Hainbat hutsune eta gabezia zuzentzea bilatzen dute Valvekoek mugimendu honekin. Hasteko, errendimenduari lotutako iritziak ganoraz eskaintzea, eta erabiltzaileei euren pareko PCen funtzionamendua helaraztea; bukatzeko, eta, aurrekoari lotuta, iruzurrak edo okerrak saihestea, joko batek modu desegokian funtzionatzen badu, hardwareari lotutako arazoa dela egiaztatzeko bidea ahalbidetuta.
GNU/Linux erabiltzaileek pixkat gehiago itxaron beharko dute funtzionalitatea erabiltzeko; dirudienez, akatsa ematen du oraingoz.
Bestalde, GNU/Linux sistema eragileen eta Proton bateragarritasun geruzaren erabiltzaileentzat interesgarria izango den ntsync driverra ofizialki inplementatu dute Valvekoek. Errendimendu hobekuntzak agintzen dira, gehienbat, prozesadore zaharragoetarako prestatutako 3D bideojokoetarako: Call of Duty zaharrak edo Dragon Quest Builders bezalako jokoak nabarmentzen dituzte beta probaldian testatu duten erabiltzaileek.
Hobekuntzak guztiontzat
Ez dira berritasun bakarrak; kontrakoa, dozenaka hobekuntza eta ezaugarri dakartza eguneraketak. Aldaketen zerrendan fotogramen tasaren datu anonimoak partekatzeko aukera aipatzen da, esaterako: SteamOSen bateragarritasuna hobetzera bideratutako ezaugarria da.
Demoentzako interfaze txukunketak, Steam grabaketentzako zuzenketak, Steam Familiak ezaugarriarentzako interfaze aldaketak edo Steam Input zerbitzuarentzako dozena bat berritasun aurkituko ditugu zerrenda osoan, besteak beste.
Eguneraketa Steam abiarazi bezain laster azalduko zaigu, sarera konektatuta egonez gero, behintzat. Ohi bezala, Decky bezalako hedapenak erabiltzen dituztenek arazoak ikus ditzakete eguneratzearekin.
Eguneratutako Verified sistema
Steam plataformari zein etorkizuneko gailuei buruzko azalpenak eskaintzeko, Valvek aurkezpena burutu zuen atzo San Frantziskoko GDC azokan.
Bideojokoen Verified bateragarritasun sistemaren berritasunak aitatu zituzten, hasteko. Steam Deck gailuarekin batera ikusi genuen ezaugarria Steam Machine zein Steam Frame gailuetarako eguneratuko da, espero bezala.
Machinearen kasuan, gutxieneko 1080p / 30 fps marka bilatuko da tituluek ondo funtzionatzen dutela adierazi ahal izateko.
Deckerako bermatutako bideojoko guztiek Verified ikurra jasoko dute automatikoki, baita jokagarria ikurra daukatenak ere. Errendimendu aldetik Deckak ezin mugi ditzakeen tituluak aztertuko dituzte —gogoratu Machineak sei aldiz indar gehiago duela—.
Errealitate birtualeko Frame gailuek, bestalde, bi eremu nagusitan banatuko dituzte bideojokoak: 2D eta 3D tituluetan, alegia, kaskoak edozein joko mota exekutatzeko gai baitira. 2D bideojokoak segundoko 30 fotogramen tasarekin mugitzea nahikoa da Valven arabera, baina 3D VR obrek beste langa bat gainditu beharko dute: gutxienez 90 fps-etan exekutatu beharko dira Valven oniritzia eskuratzeko.
Bukatzeko, salmentei lotutako datu interesgarria utzi digute: 2025ean 5.863 bideojokok 100.000 dolarretako irabazien langa gainditu zuten.
Lander Unzueta
Iruzkinak