Steam Deck-eko itxurarekin eta ezaugarriekin ibil daiteke orain agintearekin zein saguarekin eta teklatuarekin.

Steam Deck eskuko gailua iragarri zuenean, aginteei zuzendutako Big Picture interfaze zaharberritua aurkeztu zuen Valvek. Eguneratutako diseinua ordenagailuetara etorkizunean iritsiko zela agindu zuen; oraindik behin betiko bertsioa prestatzen dabiltzan arren, dagoeneko interfaze eraberrituaren beta bertsioa proba daiteke ordenagailuetan.

Big Picturen hirugarren diseinuak —hemen lehenengoaren eta bigarrenaren irudiak— itxura erabat berria aurkezten du. Menu eta ezaugarri guztiak aldatuta, gaur egungo interfazeen parera iristea bilatu dute Valvekoek. Aldez aurretik Steam Deckean probatzeko aukera eduki dugunok interfaze txukuna eta erabilerraza ezagutu dugu; zoritxarrez, akatsen bat edo beste aurki daiteke, baina egia da Valvekoek eguneraketa mordoa kaleratzen dituztela hauek zuzentzeko asmoz.

Pantaila nagusitik hasita, berdiseinatutako overlay-a, erabilera azkarreko menua, bilaketa menua nahiz aginteak konfiguratzeko doikuntzak dakartza Big Picturen bertsio honek. Itxurari lotutako aldaketez gain, hortaz, aginteen funtzionamendua nahi bezala antolatzeko tresna berriak jasoko ditugu.

Egia esan, Valvekoek arlo honetan egindako lana goraipatzekoa da. Botoiak nahi bezala konfiguratu, hauei baldintza bereziak ezarri zein beste hainbat gauza egin ditzakegu tresna honi esker. Aldaketak modu sinplean eta errazean egin daitezke, eta hauek lagunekin zein Steameko komunitatearekin parteka daitezke, bideojoko bakoitzarentzat bereziki sortutako moldaketak ahalbidetuz. Esate baterako, teklatuaren jokatzen den titulu bat aginteentzat presta dezakezu.

Big Picturen beta probatzeko jarraitu beharreko pausoak zehaztu ditu Valvek. Hasteko eta behin, Steam bezeroaren beta aktibatu beharko dugu: hau Settings/Account/Beta Participation barruan aurki daiteke. Hori egin ondoren, Steam abiatzeko lasterbidea editatzeari ekin beharko diogu: helbidean -gamepadui gehitzea da bakarrik.

Hori eginda, lasterbidean klik egiterakoan Big Picture berria abiaraziko du Steamek. Aproposena bi lasterbide edukitzea da: bata ohiko interfazerako eta bigarrena editatutakoa izatea, probak egiteko.

 

Berritasun ugari bidean

Ofizialki iragarritako eguneraketa bakarra izan den arren, Steameko erabiltzaileek berritasun anitzak aurkitu dituzte aplikazioaren kodean miatzen.

Lehenik eta behin, SteamOS sistema eragilearen azken bertsioa ordenagailu arruntetarako prestatzen dabiltzala aurkitu dute. Valveren biltegietan SteamOS Media Creation Tool izeneko erreminta azaldu da: abiatuz gero, SteamOSen irudia eskatzen du. Argi dago oraindik ez dagoela prest, baina behintzat ordenagailuetan Linux distribuzio berezi hau erabiltzeko aukera eskaini nahi dutela ikus daiteke.

Horrez gain, funtzionalitate berri baten aurkikuntza ere ikusi dugu sarean. Dirudienez, LAN sare bidez P2P deskargak ahalbidetzeko metodoa garatzen ari dira Valvekoak. Dagoeneko hau egiten duten askotariko tresnak ditugun arren, Steam bidez zuzenean jokoen fitxategiak bidaltzeko aukera egongo litzateke honi esker.

Adibidez, PCan jaitsitako bideojoko bat Steam Deckera modu azkarrean igarotzeko bidea izango litzateke, besteak beste. Ezaugarriari buruzko informazio gutxi dago oraindik; ez dakigu benetan argitaratuko ote den, ezta nola funtzionatuko duen ere.