Etzitik aurrera urteko hirugarren hiruhilekoaren bidalketekin hasiko dira: itxaron zerrendako erosleak adi ibili beharko dira euren eskuko gailuak lortzeko.
Steam Deckaren zain bazabiltza, adi: Valvek asteroko bidalketetan banatzen dituen gailuen kopurua bikoiztuko duela jakitera eman du. Salmenta datuak argitaratu gabe dabiltzan arren, Decka erritmo onean banatzen dabiltzala dirudi; izan ere, saltoki digitaleko produkturik salduenen artean egon ohi da hilabetero.
Banatuko dituzten eskuko gailuen kopurua etzitik, ekainaren 30etik aurrera bikoiztuko dute. Albiste bikaina da otsailaren bukaeratik zain dabiltzanentzat: joan den astean urteko bigarren hiruhilekoaren bidalketak burutu zituzten, beraz orain Q3ko erosleen txanda hastear da.
Gogora dezagun Steam Decka ezin daitekeela besterik gabe erosi. Eskuko PC-a eskuratzeko lehenik eta behin itxarote zerrenda batean sartu behar zara: Valvekoek beren webgunean adierazten dizute noiz iritsiko zaizun erosteko aukera, xehetasun handietan sartu gabe. Bidalketen erritmoa pixkanaka-pixkanaka areagotzen joan dira, eta orain erdieroaleen zein osagarrien eskasiari aurre egiteko gai direla dirudi.
Bitartean, gailuaren softwarearentzat eguneraketak argitaratzen jarraitzen dute Steameko arduradunek. Azkena, gaur bertan kaleratu dute: akats txiki nahiz garrantzitsuak zuzentzera bideratutako adabakia da. Nabigazioaren, itxieren, aginteen, Steam Cloud-en eta bestelako alorren zuzenketak dakartza.
Game Erauntsian Steam Deckari buruzko hainbat artikulu batu ditugu. Bere zehaztapenak eta ezaugarriak laburbiltzen dituen erreportajea argitaratu genuen otsailean; are gehiago, apirilean analisi berezia eskaini genion, dagoeneko gure eskuetan dago eta. Hauxe esan genuen bertan:
Ezinezkoa da Deckak sortzen duen zirrara ezkutatzea. Kontsola tankera duen PCa eratzea lortu dute, zalantzarik gabe, horrek dakartzan aldaketa esanguratsu guztiekin. Ordenagailuek zuten mugetako bat gaindituta, Steam Deckak ia-ia ez dauka mugarik. Edonon jokatzeko aukera eskaintzen du, edozein baldintzetan.
Iruzkinak