Deck Verified ezaugarriarekin eskuko PC-an jokatzeko prest dauden bideo-jokoak zerrendatuko dituzte. Steam-eko katalogo osoa analizatuko dute horretarako.
Abenduan hasiko da Valve Steam Decka banatzen. Uztailean aurkeztutako gailuak bideojokalari askoren arreta erakartzea lortu du, baina halere bere funtzionamenduaren inguruko hainbat zalantza daude oraindik komunitatearen artean. Esanguratsuena, Steam bidez eskuratu daitezkeen bideo-jokoekin edukiko duen bateragarritasuna. Hori argitzeko sistema propioa aurkeztu du Gabe Newell-en enpresak.
Deck Verified izenpean, joko bakoitzera Steam Deckarekin arazorik gabe jokatzea posible den egiaztatzeko bidea eskainiko dute, horretaz ziurtatzeko bideo-jokoak jaisteko beharra saihestuta.
Sistema aurkezteko prestatu duten webgunean azaltzen dutenez, “Valve Steam Deckaren katalogo guztia berraztertzen ari da”. Prozesua hasi duten arren, Steamek biltzen duen bideo-jokoen liburutegi erraldoia kontuan hartuta, eskuko PCa merkaturatu ondoren horretan jarraituko dute, argitaratzen diren joko berriak ere aztertuta. “Katalogoaren etenbako berrazterketa izango da, eta bideo-jokoen ebaluazioa aldatu egin daiteke denborarekin: garatzaileak eguneraketak argitaratzen doazen heinean edo Steam Deckaren softwarea hobetzen doala tituluak berriz aztertuko dira”.
Funtzionatu bai, baina nola?
Lau kategoria desberdinetan zerrendatuko dituzte beraien plataforma digitaleko jokoak. “Joko bakoitza aztertu ondoren, kategorietako bat esleituko zaio Steam Deckarekin daukan bateragarritasun mailaren arabera”. Kategoria horiek eskuko PCarekin jokoen liburutegitik nabigatzerakoan ikusiko dira.
Lehenik eta behin, “egiaztatuta” etiketa jasotzen duten jokoak arazorik gabe jokatu daitezke Steam Deckean. Ez dute inolako konfiguraziorik edo doikuntzarik eduki beharko jokatzen hasi aurretik: partida hasi, eta aurrera. Kategoria honetan biltzen diren obrak Steam Decketik saltokira sartzerakoan lehenetsita agertuko den erlaitz berrian egongo dira, “great on Deck” atalean hain zuzen ere.
Etiketa hori lortzeko bete beharreko baldintzak ezagutzera eman dituzte gainera. Agintearentzako euskarria eduki behar du nahitaez, atal guztietan: launcherrak ere agintearen kontrolekin funtzionatu beharko du. 720p/800p-ko bereizmenekin jokatzerakoan ez du inolako arazorik eman beharko, eta testuen irakurgarritasuna aproposa izan beharko da bereizmen horietarako. Azkenik, bateragarritasun osoa edukiko dute: Linux-erako bertsioa eduki, edo horrela ez bada, Proton API-arekin arazorik gabe funtzionatu beharko dute jokoaren ezaugarri guztiek, DRM edo anti-cheat sistemak barne.
Bigarrenez, jokatu ahal diren, baina aldez aurretik konfiguratzea eskatuko duten jokoak sailkatu dituzte. Hauek “jokatzeko” kategorian bilduko dituzte: jokoa hasi aurretik zer nolako arazoak dituzten ikusi ahalko da. Adibidez, Team Fortress 2-ren kasuan ezaugarri batzuk ezingo dira eskuko PCaren aginteekin erabili, eta horren ordez teklatu birtuala erabili beharko da.
“Euskarririk gabeko” jokoek osatuko dute hirugarren kategoria. Bateragarritasun arazoengatik Steam Deckean funtzionatzen ez duten tituluak egongo dira bertan. Errealitate birtualeko jokoak —Half-Life: Alyx izendatzen dute Valvekoek— aipatzen dituzte, esate baterako, baita gailuaren sistema eragilean funtzionatzen ez duten obra horiek ere. Azkenik, “ezezaguna” atalean biltzen diren jokoak oraindik aztertzeko dituztenak izango dira: arazorik gabe funtzionatu dezakete, baina Valvekoek ez dituzte frogatu.
Zalantzak argitzen jarraitzen duten bitartean, Valvekoek Steam Deckaren twitterreko erabiltzailea sortu dute. Bertan garatzaile ezberdinen jokoak erakusten dituzte eskuko PCan funtzionatzen. Izan ere, dagoeneko garapen kitak banatu dituzte sortzaileen artean, eta dirudienez asko izan dira dagoeneko gailua jaso dutenak: Devil May Cry 5, The Witcher 3, Sable, Psychonauts 2 eta askoz gehiago erakutsi dituzte dagoeneko.
Esan bezala, urte bukaeran dagoeneko erreserbatuta dauden lehen Steam Deckak banatzen hastea aurreikusten dute Valvekoek. Itxarote zerrenda luzea da: 2022ko bukaerara arte itxaron beharko dute askok, aparatua hasieratik erreserbatu arren.
Iruzkinak