Valve-koen gailua % 10 merkeago eros daiteke martxoaren 23ra arte. Udaberriko deskontuak abiatu dituzte saltokian.

Steam Deckak urtebete egin du merkaturatu zenetik. Hori ospatzeko zein udaberriari ongietorria emateko Valvekoek beherapen berezia proposatu dute eskuko gailu arrakastatsuarentzat.

Zehazki, Deckaren hiru modeloak % 10eko deskontuarekin eskura daitezke datozen egunotan. Hauek dira prezio zehatzak:

  • Steam Deck 64GB eMMC: 377,10€
  • Steam Deck 256GB NVMe SSD: 494,10€
  • Steam Deck 512GB NVMe SSD: 611,10€

Valvekoen PCaren oinarrizko prezioa dagoeneko nahiko neurtua dagoela kontuan hartuta —Gabe Newell-en taldeak askotan aipatu du ahalik eta merkeen saltzen dutela—, benetan prezio erakargarriak direla aitortu beharra dago. Are gehiago, Decka gaur egungo joko asko eta asko mugitzeko gai dela ulertuz gero.

Itxarote zerrendak bukatu direla gogoratu beharra dago, gainera: orain urtebete SDa erosterakoan hainbat hilabetez itxaron behar genuen jasotzeko. Steamen adierazten dutenez, hiru modeloetatik edozein eskatuz gero astebetean edo bi astetan helduko zaigu etxera.

Urteurrena ospatzeko bideo berezia prestatu dute arduradunek, azken urtean gehitutako ezaugarriak aditzera emanik. Gainera, berritasunen bat edo beste aditzera eman dute; izan ere, gailua pizterakoan ezartzeko bideo ofizial alternatiboak eskaintzen hasi dira Steam saltokian. Hauek jokoak erosiz lortzen diren Steameko puntuekin eskura daitezke.

SteamOS sistema eragilea erabiltzen duen eskuko PCa da Valvena. Orain egun batzuk sistemaren 3.4.6 bertsioa kaleratu zuten: jokoen errendimendua hobetzeko teknologia inplementatzen du Mesa 23.1 kontrolatzaileekin. 3.5 bertsioari buruz ere solastu dira arduradunak: Linux-en kernela eguneratuko eta SMT teknologiarekin dagoen oztopo garrantzitsua gaindituko ditu.

Nahiz eta GNU/Linux-en oinarrituta egon, Proton teknologiari esker Windows-eko bideojokorik gehienak inolako arazorik gabe mugitzeko gai da SDa. Horiek zerrendatzeko eta informazio sakonagoa eskaintzeko prestatu zuten Deck Verified sistema: aipatzen dutenez, egiaztatutako 8.000 bideojoko daude gaur egun. Komunitateak antzeko lana egiten du, elkarlanean, ProtonDB bezalako proiektuekin.

Kontuok sakontasunean aztertu genituen iaz Game Erauntsian idatzitako analisi berezian. Hauxe esan genuen Steam Deckari buruz:

Ezinezkoa da Deckak sortzen duen zirrara ezkutatzea. Kontsola tankera duen PCa eratzea lortu dute, zalantzarik gabe, horrek dakartzan aldaketa esanguratsu guztiekin. Ordenagailuek zuten mugetako bat gaindituta, Steam Deckak ia-ia ez dauka mugarik.

Bukatzeko, Steam Deckean gehien erabilitako 100 bideojokoen zerrenda ikus daiteke webgunean. Ez hori bakarrik: gailua merketzeaz gain, udaberriko beherapenei hasiera eman diete, ehundaka bideojoko prezio murriztuan eskainiz.

Deskontuek martxoaren 23ra arte iraungo dute; ohi bezala, merketutako jokoak bilatzeko zein iragazteko orrialde berezia prestatu dute Valvekoek.