Eguneraketa txikiak zein handiak argitaratzen dihardute euren gailu eraberritzailearentzat.

Steam Deckaren zoramenak indar betean jarraitzen du oraindik. Game Erauntsian argitaratutako analisian hainbat arazo eta akats nabarmendu genituen; Valvekoak horiek zuzentzeko asmoa agertu zutela ere aipatu genuen, eta halaxe izan da. Egunotan argitaratutako eguneraketekin zuzenketak zein hobekuntza berriak prestatu dituzte eskuko PC-aren arduradunek.

Has gaitezen adabaki bakoitzak ekarritakoa banaka errepasatzen. Gaur kaleratutakoak zaleek hasiera batetik eskatzen zuten ezaugarria dakar: joko bakoitzerako profil teknikoak ezartzeko aukera. Titulu bat abiarazterakoan —berdin dio Steameko jokoa zein edo kanpoko programa den— errendimenduaren doikuntzetan profil berezia erabiltzeko aukera azalduko zaigu orain.

Benetan erabilgarria da teknikoki oso desberdinak diren bideojoko batetik bestera igarotzerakoan: esate baterako, Elden Ring-era 30 fps-ko mugatzailearekin jokatu nahiko dugu errendimendu aproposa nahi izanez gero; bestalde, emulatzaile batera igarotzerakoan mugatzaile hori mantentzen badugu, akatsak ikusiko ditugu, programa horiek ez baitaude prest halakoetarako. Orain arte, jokoa aldatzerakoan guk jarritako ezarpen horiek banaka aldatu behar genituen. Profilekin, ordea, joko bakoitzean hautatutako aukerak gordeko ditu Deckak.

Horrez gain, beste monitore batera konektatzerakoan interfazea modu egokian eskalatzeko zuzenketa ere gaineratu dute adabaki honekin. Asko dira 4K pantailetan akatsak ikusi dituztenak, beraz eguneraketarekin horiek konponduta egon beharko lirateke; hala eta guztiz ere, funtzionalitate honetan lanean jarraitzen dutela azpimarratzen dute Valvekoek eguneraketaren oharretan.

 

Errendimendua doitzen

Steam OS-en beta bertsioa erabiltzen dutenek jasotako 3.2 eguneraketa izan da, zalantzarik gabe, beste gehikuntza esanguratsuetako bat. Bertan pantailaren berrizte tasa eskuz aldatzeko ezaugarria inplementatu dute: 40 eta 60Hz artean ezar daiteke tasa hau. Hori aldatuta, fps mugatzailearen baloreak ere aldatuko dira 1:1, 1:2 eta 1:4 aukerekin: adibidez, berrizte tasa 40Hz-tara jarriz gero, fps mugatzailea 10, 20, 40 eta mugarik gabe baloreetara aldatuko da.

Zer lortzen da honekin? Hainbat gauza. Hasteko, mugatzailea 30fps-tara erabiltzen izan badugu —ohiko aukera bateria zein errendimendua hobetu nahi baditugu— segundoko irudien tasaren jarraitutasuna hobetzen da: Digital Foundry-ko adituek azaltzen duen bezala, 60fps-tara jokoa 16,7ms-ro eguneratzen da; 30fps-tara, 33,3ms-ro. 40fps-tara, aldiz, 25ms-ro berriztuko da. Modu horretara, segundoko irudi gehiago eta input lag gutxiago nabariko ditugu. Oinarrizko ezaugarria dirudien arren, hobekuntzak benetan esanguratsuak dira: zazpi hazbeteko pantailan 60fps-tara jokatzen ari garela irudituko zaigu. Ez hori bakarrik: bateriak asko eskertzen du aldaketa hau.

Bigarrenez, 3.2 bertsioak shader-en tasa aldakorra gaineratzen du. Teknika honen helburua objektuen bereizmena murriztea, baina horien siluetak garbi mantentzea da. Horrela, errendimendua areagotu egiten da irudiaren kalitatea pixkat murriztuta: adibidez, gune ilunetan aplikatuz gero, ez dugu ia aldaketarik igarriko.

 

Isilago jokatzen

Bukatzeko, gure analisian aipatutako puntu negatiborik esanguratsuenetako bat zuzentzera datorren aldaketa prestatu dute beta eguneraketarekin: haizagailuaren zaratarena. Steam Decka indar handiko gailu txikia izanik, ez da harritzekoa haizagailuek lan handia betetzen ibili behar izatea. Elden Ringera edo Red Dead Redemption 2-ra jokatzerakoan PCa fresko mantentzeko zarata egin behar dute, noski, baina Steameko menuetan ere sekulako hotsa egiten zutela aipatzen genuen.

Tira, hori zuzendu egin dute: Decka isilagoa da orain. Digital Foundrykoek ikertu dutenez, pixkat gehiago berotzen da gailua, baina ez luke ondoriorik eragin beharko.

Aipatutako eguneraketez gain, blokeo pantaila gaineratzen duen adabakia nabarmendu behar dugu: Decka pizterakoan hau desblokeatzeko kodea gehitzeko aukera dugu orain. Ezaugarri txikia, baina benetan erabilgarria.

Nola ez, berrikuntza handi hauekin batera era guztietako zuzenketa txikiak gaineratu dituzte Valvekoek adabaki horietan guztietan. Datozen asteetan are gehiago prestatzea aurreikusten da, oraindik lan asko baitago egiteko: Proton, Steam OS nahiz hardware arloko ezaugarriak zaindu behar dituzte arduradunek gailu arrakastatsua lortzeko.