Eskuko PC-aren “milioika” ale saltzea espero du Gabe Newell-ek. Erreserbak hasi dituzte jada, lehen orduetan Steam-en webgunea kolapsatzea eraginda.

Valvek joan den ostegunean iragarri zuen bideo-jokozale askoren ametsa. Steam Deck eskuko PCarekin plataforma honetan jokatu daitezkeen bideo-jokoetara edozein tokitan aritzea ahalbidetuko dute, Nintendo Switch kontsolarekin gertatu antzeran. Ez da mota honetako gailua merkaturatuko den lehen aldia, baina hala ere Valvekoek era guztietako erronkei aurre egiteko lana dauka hardwarearen arrakasta ziurtatzeko. Hori lortzeko errendimendua eta erabiltzailearen esperientzia aproposak izatea ezinbestekoa dela deritzote; nola ez, argi dute gailuaren prezioa ere esanguratsua izango dela.

Steam Decka sortzeko erronkei buruz mintzatu da Gabe Newell Valveko arduradun nagusia IGN agerkarian. Prezio aldetik estrategia “oso agresiboa” prestatu dutela aitortu du Steam plataformaren buruak, prezio eta errendimendu oreka “gailu mugikorren eremuan faktore esanguratsuenetako bat” izango dela aldarrikatuta.

Hala ere, Newellek argi dauka bideo-jokozaleak erakartzeko ardatza zein izango den: Steam Decka eskuetan hartu eta modu ezin hobean funtzionatzen duela nabaritzea. “Hau hartu eta guztiak funtzionatzen duela esatea. Guztia azkarra dela. Guztia… baina hori horrela prezioa bigarren mailako zerbait bezala geratu zen, zerbait mingarria”.

 

Hiru bertsio desberdin

419 eurotako preziora saltzen ari dira eskuko PCaren modelorik merkeena; beste bi bertsio daude, 549 euroko eta 679 euroko prezioarekin. Hiru hauen arteko desberdintasunik esanguratsuenak memoria aldetik datoz: lehenengoak 64 GB-eko eMMC diskoa duen bitartean, abiadura handiko 256 GBeko eta 512 GBeko NVMe SSD diska gogorrak dituzte azkenek.

Hauek erabiltzaileek aldatzeko aukera dagoela hedatu da sareetan azken egunetan, baina oraindik ez dago argi. Steam Deckaren webgunean arduradunek nabarmendu dutenez, 2230 m.2 motako konektoreak erabiliko diren arren ez dira erabiltzaileek modu erraz batean disko gogorrez aldatzeko prest egongo.

Disko gogorrez gain Micro SD txartelak erabilita Steam Deckaren memoria areagotzeko aukera eskainiko dute Valvekoek. Lawrence Yang Valveko langilearen arabera, IGN agerkariak zabaldutako bideotan agertzen diren Steam Deck guztietako jokoak Micro SD bidez funtzionatzen dute. Hortaz, txartelok erabilita arazorik gabe jokatu daitekeela aldarrikatu du Yangek.

Azken urteetan aginte desberdinen stick-ek jasaten duten drift fenonemoari buruz mintzatu da bestalde Yazan Aldehayyat hardware ingeniaria. Arazo hau ekiditeko fidagarritasun froga guztiak egin dituztela azaldu du, eta “oso ondo funtzionatuko dutela” dio. Drifta duten stickek posizio neutro batean egon arren albo baterantza mugitzen direla detektatzen du bideo-jokoak, era guztietako arazoak eraginda.

Giroskopioa, sagu funtzioak beteko dituzten trackpad-ak, 7 hazbeteko ukipen pantaila, 40 Wh-ko bateria eta beste hainbat ezaugarri bilduko ditu gainera Steam Deckak.

Aipatutakoei AMD Zen 2 prozesadorea eta AMD RDNA 2 arkitektura duen txartel grafikoa gehituko zaizkie. AMDrekin egindako elkarlan honi esker “AAA joko berrienetara jokatu ahalko dela” adierazi dute Valvekoek gailuaren web orrian, eta hortaz prezio aldetik gailu aparta dela uste dute, beste PC batzuekin alderatuta behintzat. Gailuak Linux-en oinarritutako SteamOS 3.0 sistema eragilean funtzionatuko du. Askok PC eta kontsolen arteko nahasketa ziren Steam Machine gailuekin estreinatu zirela gogoratuko dute, baina ordu hartan ezin zituzten joko asko mugitu, Valvek garatzaileek Linuxerako jokoak prestatzea nahi zuen-eta.

Azken urteetan hori aldatzen joan dira, baina. Proton proiektuarekin Linux bidez Windows-eko jokoak mugitzea ahalbidetzen duen programa eratu dute, Wine eta DXVK bezalako tresnak batuta. ProtonDB webgunearen arabera gaur egun 15.350 joko inguru mugitu ditzake erreminta honek Linuxen; Steam Decka estreinatzen denean zenbaki hori areagotuko dutela agindu dute Valvekoek. Hasteko AntiCheat sistemak erabiltzen dituzten jokoak Protonekin funtzionatzea ahalbidetuko dute, gaur egun hori baita mugarik argienetarikoa. Dena dela, hala nahi duenak beste edozein sistema eragile instalatzeko aukera edukiko du eskuko PCan.

SteamOS-en hirugarren bertsioarekin Big Picture interfazea guztiz eraberrituko dute gainera. Modu horretara aginteak erabilita Steamen modu erraz batean nabigatzea ahalbidetuko dute arduradunek. Big Picture ez da Deckera mugatuko: garatzaileek baieztatu dutenez berriztatutako interfazea PCra ere iritsiko da.

 

Bideo-jokoen hardwarearen kategoria berria

“Gure ikuspuntutik, hau ondo eginez gero kontsola hauen milioika ale salduko ditugu, eta aldi berean gu geu zein PCko beste banatzaile batzuk saltzen hasi gaitezkeen produktuen kategoria berria eratuko dugu”, aldarrikatu du Valven arduradunak. “Guzti honek epe luzerako onurak ekarriko dizkigu”.

Izan ere, Valvek jarrera positiboa agertu du Asus, Dell, Alienware, Nvidia eta PCko ekosisteman hardwarea sortzen dabiltzan beste enpresak ibilbide hau jarraitzeari buruz hitz egiterakoan. Lehen aipatu bezala, aurretik ere Steam Deckaren antzeko eskuko PCak ikusi izan dira: GPD Win gailu txinatarrek arrakasta nabarmena eduki dute PCra edozein lekutan jokatu nahi dutenen artean, eta Razer bezalako enpresak ere arrakastaren bila ibili izan dira Razer Edge bezalako gailuekin.

Steam Deck eskuko PCaren lehen aleak 2021eko abenduan banatzen hasiko direla iragarri dute Valvekoek. Joan den ostiralean hasitako erreserbekin dagoeneko agortu dituzte gailuen lehen multzoa, eta beraz oraindik erreserbatzear dauden erosleek 2022tik aurrera jasoko dituzte beraien PCak.

Momentuz arrakasta hutsa izaten ari da Steam Decka. Erreserbatutako gailuen kopuru zehatza ezezaguna bada ere, ostiralean erosteko aukera eman zutenean webgunea kolapsatu egin zuten erabiltzaileek. Ez hori bakarrik, Steamen produktu salduenetarikoen zerrendan lehen postuan egon da asteburuan.