OLED bertsioaren stock arazoak eduki ditzaketela nabarmendu dute: memoria eta biltegiratze krisiak Steam hardwarean uste baino eragin handiagoa ari da izaten.

Steam Deck LCD modeloa saltzeari utzi dio Valvek.

Gabe Newell-en enpresak Steam plataformako Deckaren orrialdean LCD gailua fabrikatzeari utziko ziola aditzera eman zuen joan den urte bukaeran. Prest zituzten izakinak agortzerakoan ezingo zela gehiago eskuratu adierazita, une honetan, Europa mailan stockik gabe daudela ikus daiteke.

Modu horretara, Steam Deckaren prezioa igo dela esan dezakegu: 512 GBeko eta TB 1eko OLED bertsioak 569 eurotan eta 679 eurotan saltzen dituzte, hurrenez hurren. 256 GBeko LCD modeloaren prezio ofiziala, bestalde, 419 eurokoa zen.

SD LCDa 2022an merkaturatu zuen Valvek, hiru modelo desberdin eskainita. OLED bertsioa kaleratu ondoren, LCDaren eskaintza murriztu zuten, aipatutako bertsiora mugatuta. Game Erauntsian modelo originalari analisia eskaini genion bere garaian.

OLED bertsioa saltzen jarraitzen badute ere, RAM memorien zein biltegiratze gailuen krisiaren ondorioz, stock arazoak eduki ditzaketela aurreratu dute orrialde berean: “Steam Deck OLED aldi baterako agortu daiteke, eskualdearen arabera, memoriaren eta biltegiratzearen urritasuna dela-eta”.

Gehiago dena: 512 GBeko OLEDa stockik gabe dago, orain, Europako saltokian. Modelorik garestiena baino ezin daiteke erosi, beraz; AEBetan, bestalde, Deck guztiak agortuta daude.

Hardware krisiak Steami gogor eragin diola esan daiteke, beraz: otsail hasieran oraindik merkaturatu gabeko Steam Machine zein Steam Frame gailuekin dituzten arazoak azpimarratu zituzten. 2026 hasieran kaleratzeko asmoa izan arren, urteko lehen seihilabetera mugitu zituzten; hala eta guztiz ere, gailuon patua ez da batere argia.

Eskasia adimen artifizialaren ondorio zuzena da, besteak beste. ChatGPT tresnaren atzean dagoen OpenAI enpresak —zein beste hainbatek— RAM osagarri nagusiak erosi ditu, etorkizunera begira, enpresak eta erabiltzaileak kaltetuta. Adimen artifizialerako erabilitako txip berrienek are RAM gehiago erabili behar dutenez, joerak okerrerantz egingo du.

 

Zer gertatzen da kontsolekin?

RAMaren eta biltegiratzearen egoerak hardwarearen industria osoari eragitea espero da. Horren harira, kontsolen fabrikatzaile nagusien inguruko zurrumurruak entzun ditugu egunotan.

Nintendo-k iaz kaleratutako Switch 2 kontsolaren prezioa igotzeko asmoa daukala aldarrikatzen dute Bloomberg aldizkaritik. Informazioa baieztatu ez arren, Nintendo inguruko iturrien eskutik jaso omen dute informazioa.

Artikulu berean PlayStation-en hurrengo kontsola ere aipatzen da: PS6aren merkaturatzea 2028ra edo 2029ra berandutzeko erabakia hartu omen dute Sony-tik, krisia leuntzeko zain.

Xbox? Auskalo: orain gutxi bere hurrengo belaunaldiaren berriak entzun ditugu, kontsola eta ordenagailu hibridoetara jotzeko asmoa dutela aipatuta. AMDren arduradun nagusiaren arabera, 2027rako prestatzen dabiltza gailuok, baina, egoera ikusita, ziurrenik hauek ere berandutuko dituzte.