Interfazean zuzenketak gaineratu eta nabigazioa bizkortu dute, baita garatzaileei jokoen bateragarritasunaren berri emateko bideak gehitu ere.

Hilabete igaro da jada Valvekoek Steam Deck eskuko PC-a merkaturatu zutenetik. Erabiltzaileak lehen gailuak jasotzen hasita, hauen feedback-ari adi ibili dira Gabe Newell-en enpresakoak; izan ere, lehenengo hilabetean hobekuntza eta berritasun mordoa gaineratu dituzte, eta horiek zerrendatzeari ekin diote.

Steameko blogaren nahiz bideo baten bitartez laburbildu dituzte ezaugarri berri guztiak. Nabarmenenak interfazeari lotutakoak dira: menuetatik nabigatzea erraztu dute scroll azkarrarekin, aukera gehiago eskainita, abiadura bizkorragoarekin, jaitsieren pantailan informazio gehigarria aurkeztuta eta garatzaileei beren jokoen bateragarritasunaren berri emateko tresnekin. Azken horri lotuta, jokoen orrialdeetan idatzi dezakete arazo zehatzei aurre egiteko bideei buruz, jokalariekiko komunikazioa erraztuta.

Deckaren eguneraketa berria jasotzerakoan, erabiltzaileek aldaketa guztiak menuan aurkituko dituzte orain; modu horretara, inplementatutako ezaugarriak eta aldaketak ezagutzera ematea erraztu dute. Gailuaren akatsen berri emateko bidea ere prestatu dute: laguntza menuan mezuak idazteko aukera dute erabiltzaileek.

Segundoko irudien tasaren mugatzailea hobetzeari ere ekin diote, 15, 30 eta 60 fps-ko muga ezartzea posible da orain. Segundoko 15 irudirekin jokatzeak harritzen bazaituzte, nobela bisualentzat edo abentura grafikoentzat aproposea dela azpimarratzen dute Valvekoek. Gainera, errendimendu aukerak aldatzen ibiltzeko menua hobetu dute.

Bestalde, aginteetako stick-en mugak (deadzone-ak) era orokorrean zein joko bakoitzarekiko ezartzea posible da orain; ezaugarri haptikoak doi daitezke gainera. Are gehiago, aginte sarrera guztiak probatzeko eta hauen funtzionamendu zuzena egiaztatzeko menua sortu dute Deckarentzat.

Bukatzeko, Xbox Game Pass-a inplementatzeko bideak prestatu dituzte Microsoft-ekin elkarlanean. Harpidetza zerbitzu ezaguna ezin daiteke Linux bidez erabili oraindik, baina hodei bidezko Xbox Cloud zerbitzuarekin streaming bidez jokatzea posible da. Horretarako Edge nabigatzailea doitu dute Linuxerako.

Nola ez, Game Passeko zein beste saltokietako jokoetara arazorik gabe jokatzeko bideetako bat Windows bera da. Deckean arazo gutxi batzuk daude sistema eragile hau erabiltzeko, baina horiek konpontzeari ere ekin diote: gailuarentzako eta Windowsentzako driver-ak argitaratu dituzte jada.

 

Egiaztatutako 2.000 bideojoko

Steam Deckaren erronka nagusia Linuxen jokatzea posible egitea da. Horretarako hainbatetan aipatu dugun Proton programa erabiltzen du Valvek: Windows sistema eragileko bideojokoak Linuxen jokatzeko sortutako tresna da.

Oraindik hobetzeko asko duen erreminta izanik, ezin dute ziurtatu titulu guztiek funtzionatzea: hauek zeintzuk diren zerrendatzeko Deck Verified sistema eratu dute Valvekoek. Dagoeneko Egiaztatutako edo Jokatzeko etiketa jaso duten 2.000 obra daudela nabarmendu dute; martxoan 1.000 lan zeuden zerrenda horretan, beraz izugarrizko gorakada jaso du.

Datozen asteetan are joko gehiago gaineratzeko lanean dabiltzala azpimarratu dute arduradunek. Horretarako, besteak beste, tranpei aurre egiteko erabiltzen diren Anti-Cheat programa desberdinentzako euskarrian lan egiten dabiltza: BattlEye eta Easy Anti Cheat erraldoietarako bateragarritasuna bermatuta daukatela diote Deckaren arduradunek, baina garatzaileekin batera lan egin behar dute bideojokoetan inplementatzeko.

Decka hobetzen jarraitzeko komunitatearen laguntza eskatu dute, azkenik: foroen eta arestian aipatutako Deckaren akatsen berri emateko sistemaren bidez elkarlanera deitu dute.

Gailua eskuratzea zaila da gaur egun: Steameko saltokian bakarrik eros daiteke, itxarote zerrenda luzearekin. Dagoeneko 2022ko bigarren hiruhilabeteko PCak banatzen hasita daude; halere, banaketa prozesua "bizkortzea" da Steamekoen helburuetako bat.

Game Erauntsian luze eta sakon hitz egin dugu Steam Deckari buruz. Bere zehaztapenak eta ezaugarriak laburbiltzen dituen erreportajea argitaratu genuen otsailean; ez hori bakarrik, orain egun batzuk analisi berezia eskaini genion, dagoeneko gure eskuetan dago eta. Hauxe esan genuen bertan:

Ezinezkoa da Deckak sortzen duen zirrara ezkutatzea. Kontsola tankera duen PCa eratzea lortu dute, zalantzarik gabe, horrek dakartzan aldaketa esanguratsu guztiekin. Ordenagailuek zuten mugetako bat gaindituta, Steam Deckak ia-ia ez dauka mugarik. Edonon jokatzeko aukera eskaintzen du, edozein baldintzetan.