iFixit arduratuko da piezak saltzeaz, besteak beste. Steameko arduradunek Proton sistemaren 7.0 bertsioa kaleratu dute gainera.
Egun gutxi batzuk baino ez dira falta Steam Deck eskuko PC-aren argitaratze datarako —hamar baino ez!—. Promozio kanpainarekin jarraitzen dute Valvekoek; azken albistea zaleek itxaroten zutena da: ordezko piezen eskuragarritasuna. Horri buruz aritu dira Steameko blogean.
Aspaldi argitaratutako bideo batean aipatu zuten ordezko piezak erosteko aukera eskainiko zutela. Blogean hauen salerosketaz arduratuko den kideetako bat aurkeztu dute: iFixit. Denda eta komunitate honek mota guztietako gailuen piezak saldu eta hauek konpontzeko gidak eskaintzen ditu, beraz bazkide aproposa da Valvekoentzat.
Are gehiago, Steam Deckaren barrualdeak sakontasunean erakusten dituen bideo luzea prestatu dute iFixitekoek. Beren ohiko formatua mantenduta, zazpi bateko balorazioa eskaini diote Deckari konpontzeko eta piezak aldatzeko erraztasunari dagokionez. Nabarmentzen dutenez, bateriak itsasgarri kopuru handia dauka, hau aldatzea zaila eginez. Hori alboratuta, gailua norberak etxean konpontzeko erraza dela aipatzen dute.
Steam Deckarekin jarraituz, baina software arlora pasata, Proton sistemaren 7.0 bertsioa kaleratu berri dutela iragarri dute Valvekoek. Programa honekin Linux sistema eragileek Windows-eko bideo-jokoak funtzionaraztea ahalbidetzen dute; hortaz, eskuko gailuarentzat ezinbestekoa izango da bere funtzionamendu zuzena.
Zazpigarren eguneraketa handiarekin hainbat bideo-jokoren bateragarritasuna zuzendu dutela nabarmendu du Pierre-Loup Griffais Valveko langileak. The Elder Scrolls V: Skyrim, Fallout saga, Persona 4 Golden eta beste hainbat aipatzen ditu txio batean. Protonen Github orrialdean ikus daiteke berritasunen zerrenda osoa; hauek dira bertsio berriarekin funtzionaraztea lortu duten jokoak:
- Anno 1404
- Call of Juarez
- DCS World Steam Edition
- Disgaea 4 Complete+
- Dungeon Fighter Online
- Epic Roller Coasters XR
- Eternal Return
- Forza Horizon 5
- Gravity Sketch VR
- Monster Hunter Rise
- NecroVisioN
- Nights of Azure
- Oceanhorn: Monster of the Uncharted Seas
- Order of War
- Persona 4 Golden
- Resident Evil 0
- Resident Evil Revelations 2
- Rocksmith 2014 Edition
- SCP: Secret Laboratory
- Wargroove
- Wartales
- Yakuza 4 Remastered
Laster “askoz gehiago” gaineratuko dituztela aipatzen du Griffaisek; izan ere, Githuben ikus daitekeenez era guztietako zuzenketak eta hobekuntzak dakartza Proton berriak.
Steam Decka otsailaren 25ean merkaturatuko dute Valvekoek. Ezingo du edozeinek erosi: gailuaren itxarote zerrendan dauden lehenengoek soilik eskuratu ahalko dute datozen egunetan. Zerrenda hori 2022 osora luzatzen da.
Iruzkinak