2021 bukaeran merkaturatuko dute. Zen 2 + RDNA 2 erabilita AAA joko berrienetara edozein lekutan jokatzeko aukera eskainiko du gailuak.
Zurrumurruak entzuten egon dira aspalditik bideo-jokozaleak, eta hemen da azkenean. Gabe Newell-en agindupean dagoen Valve enpresak PC eramangarri propioa iragarri du: Steam Deck. Nintendo-k bere Switch kontsola hibridoarekin hartutako bidea jarraitzeko asmoarekin datoz Steam plataforma digitalaren jabeak modu horretara.
Hardware hibridoa izango ez den arren itxura aldetik Switcharekin antzekotasun handiak edukiko ditu. Hau da, pantaila zein agintea batuko dituzte tablet itxurako PC eta kontsola arteko fusioa eratzeko. Argi izan behar da hau PC bat dela, eta beraz Steamen dauden jokoetara arituko dela Steam Deckarekin: Steam kontura sartu eta bertan erositako jokoen bildumara jokatu ahalko da eskuko PCarekin.
Ez hori bakarrik, PCko beste saltoki eta zerbitzuak erabiltzeko aukera aipatzen dute arduradunek. Hortaz pentsatzekoa da Epic Games Store, GOG edota Xbox Game Pass zerbitzuetako jokoetara jokatu daitekeela bertan. Gauza bera gertatzen da sistema eragileekin: edozein instalatu ahalko da Steam Deckean. Windows, Linux-en oinarritutako bertsio desberdinak eta gehiago erabili ahalko dira beraz. Jatorriz SteamOS sistema eragilearen 3.0 bertsioarekin merkaturatuko dute gailua.
AMD enpresarekin elkartu dira Valvekoak Steam Decka sortzeko. Nabarmendu dutenez, Zen 2 CPU-a eta RDNA 2 GPU-a erabilita, eta 16 GB-eko RAM-arekin “AAA joko berrienetara jokatzeko indarra” edukiko du PC eramangarriak. 7 hazbeteko pantailarekin, 1280 x 800-ko bereizmenera jokatuko da bertan.
Ohiko botoi guztiak izango ditu (atzeko kolpekariak barne), eta horiez gain trackpad lana egingo duten bi gune izango ditu gailuak, sagua eskatzen duten jokoetara arazorik gabe aritzeko. “Jokatzeko saio luzeak” agintzen dituzte webgunean, baina zehaztapenak ikusterakoan 2 eta 8 ordu bitarteko iraupena edukiko duen 40 Wh-ko bateria aipatzen dute, erabiltzen den bideo-jokoaren arabera. Eskuko PCaren pisua esanguratsua izango da: 669 gramoko pisua edukiko du. Switchak, alderatzearren, 326 gramo pisatzen ditu, hortaz desberdintasuna aipatzekoa da.
Switcha gogorarazten jarraituta, telebista edo monitoreetara konektatzeko dock bat ere salduko dute eskuko PCarekin. Internetera ethernet kable bidez konektatzeko aukera eskainiko du gainera; etorkizunean informazio gehiago emango dutela agindu dute arduradunek.
Prezioa eta modelo desberdinak ere aipatu dituzte: hiru Steam Deck desberdin egongo dira. Merkeena 419 eurotara salduko dute: 64 GB-eko eMMC memoriarekin merkaturatuko da, kalera eramateko estutxearekin batera. 256 GBeko SSD disko gogorrarekin kaleratuko da 549 eurotako bertsioa. Azkenik, 679 euro balio dituen modeloak 512 GBeko SSDa edukiko du, “islen kontrako kalitate handiko pantailarekin” eta bestelako gehigarriekin. Nabarmentzekoa da bertsio guztietan memoria areagotzeko Micro SD txartelentzako sarbidea edukiko dutela.
Argitaratze datari dagokionez, aurten kaleratuko da Steam Decka. Gailuaren webgune ofizialean erreserbak gaur hasiko dituzte; abisua jasotzeko aukera abiarazi dute. Valvekoek aldarrikatu dutenez, erabiltzaileko Steam Deck bakarra erosteko aukera emango dute.
Iruzkinak