PC eramangarria agortuta egon ondoren, berriz salmentan jarri, eta 200 bat eurotan igo ditu bi OLED modeloen salneurriak.
Valvek Steam Deck eskuko PCaren prezio aldaketak iragarri ditu. Igoerak egun saltzen dituzten bi modeloei eragin die; hau da, Steam Deck OLED 512 GB zein TB 1 modeloetan ikusi dira aldaketak.
Ez da igoera samurra, gainera: 200 bat eurotan igo dituzte salneurriak. Hauek dira gaurtik aurrera Steam saltokian ikusiko ditugun prezioak:
- Steam Deck OLED 512 GB: 779€ (lehen, 569 €)
- Steam Deck OLED 1 TB : 919€ (lehen, 679 €)
Aldaketak ez dira Europara mugatzen, mundu osoan igoerak ikusi baititugu. Kontsolek ez dituzte inolako berritasunik, orain arte saltzen zuten hardware sorta berbera dela argitu dute arduradunek.
Hainbat astez desagertuta ibili ondoren itzuli da gailua denda digitaleko apaletara; nola ez, agortuta ibiltzearen nahiz prezioa areagotzearen zergatia “egungo osagaien kostuen zein sektoreari eragiten dieten bestelako nazioarteko erronka logistikoen isla” dela adierazi du Gabe Newell-en enpresak.

Otsailean, bestalde, Steam Deck LCDaren segida etengo zutela helarazi ziguten Valvekoek, gailuaren modelo originala saltokietatik desagerrarazita.
Prezio igoerak beldurra eragin du oraindik kaleratu gabe dauden Steam Machine zein Steam Frame gailuen atzetik dabiltzanen artean. Ez zen espero merke estreinatzea, baina, aipatutako arazo guztiekin, aurreikusitakoa baino nabarmen garestiagoak izatera iritsiko direla dirudi.
Ordurako prezioak iragarrita, eta, ziurrenik, merkaturatuta egon beharko ziren bi gailuak, baina “memoria eta biltegiratze eskasiak” hardware sorta iragarri zutenetik “azkar batean okerrerantza egin duenez, taldeak ezin ditzake gailuen argitaratze data zein behin betiko prezioak konfiantza osoz ezagutzera eman”, adierazi zuten otsailean.
Gainerakoen bidea jarraituz
Deckaren prezio igoera ez da bakarra izan, tamalez. Nintendo-k Switch 2 kontsola garestituko duela iragarri zuen duela aste batzuk: prezio igoera irailean iritsiko da.
Aurretik, gauza bera egin dute PlayStation-ek eta Xbox-ek, PS5aren nahiz Series kontsolen prezioen areagotzeak ezarri baitituzte. Lehen aldia izan da, kontsolen ibilbidean, prezioak murriztu beharrean gora egin dutela. RAMaren krisiak ez dauka amaierarik, oraingoz, behintzat; hori horrela, egoerak okerrera egiten jarraituko duela pentsa daiteke.
Lander Unzueta
Iruzkinak