Bideo-jokoen sortzaileek dagoeneko jaso dituzte garatzaileentzako kit-ak, eskuko PC-aren errendimendua goratuta.

Urteko ezustekorik handienetakoa izan da uztailean iragarritako Steam Deck gailua. Hainbat zurrumurruren ondoren Valvekoek eskuko PCa aurkeztu eta salmentan jartzerakoan ikaragarrizko harrera lortu zuten: gailua jasotzeko itxarote zerrenda 2023ra arte luzatzen da dagoeneko. Halere, bideo-jokozaleek hainbat zalantza edukitzen jarraitzen izan dute, eta horiei erantzuna emateko FAQ atala prestatu dute Steameko arduradunek.

Bertan dagoeneko aipatu dituzten ezaugarriak nabarmentzeaz gain eskuko PC honen beste hainbat xehetasuni buruz mintzatu dira. Interesatuek Steameko kontu anitz erabiltzeko aukera egongo den galdetu izan dute behin eta berriz, esate baterako. Valvek ziurtatu duenez ez da horretarako arazorik egongo: etxeko bakoitzak bere kontu pertsonala eta bertan gordetako partidak erabili ahalko du.

Steam Deckaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat Proton API-a izango da. Honen bidez Linux sistema eragilea oinarritzat duten distribuzioek Windows-ekin soilik funtzionatzen duten bideo-jokoak erabiltzea ahalbidetuko du Valvek. Izan ere, Decka Steam OS 3.0 sistema eragilearekin merkaturatuko da, Linux izanik bere oinarria.

Hori horrela, bideo-jokalariek askotariko zalantzak dauzkate Protonen inguruan: esaterako, Steam kanpoko jokoak funtzio honekin erabiltzerik egongo den. Valvekoek argi diote baietz, eta ez da arazorik egongo kanpoko joko eta programak Steamera gehitzeko eskuko PCan.

Steam OS beharrean Windows edo beste edozein sistema eragile erabili nahi dutenek ez dute inolako mugarik izango horretarako. Are gehiago, multi boot ezaugarria edukiko du Deckak: nahi beste sistema eragile instalatu daitezke bertan, eta microSD txartel batetik ere funtzionatu dezakete. MicroSD horiek ext4 sistema formatua erabiliko dute, eta gailuak berak formateatuko ditu.

Bideo-jokoak jaitsi eta instalatzeko Interneteko konexioa ezinbestekoa izango da noski, baina ondoren horietara jokatzeko konexiorik gabeko aukera egongo da.

Eskuko PCaren errendimenduari dagokionez, beti berbera izango da: USB-C bidez pantaila batera konektatzerakoan ez du azkarrago edo hobetu funtzionatuko, Nintendo Switch-ak egin bezala. Errealitate birtualari buruz ere galdetu dute zaleek.

Steam Decka PC funtsean PC bat izanik ez da arazorik egongo errealitate birtualeko gailuak konektatzeko, baina printzipioz ez da prest egongo VR jokoak modu aproposean mugitu ahal izateko. Gailua aginte bezala erabili ahalko da beste PC batekin Steam Remote Play funtzioari esker.

 

Bideo-jokoen garatzaileak, pozik

Bideo-jokoen garatzaileek Steam Deckaren garapen kitak eskatzeko aukera izan dute, eta dagoeneko hasi dira lehenengoak jasotzen. Hori horrela hainbatek gailuari buruzko lehen iritziak emateko aprobetxatu dute, Mike Rose No More Robots argitaletxeko arduradunak esate baterako.

Rosen hitzetan Descenders edo Yes, Your Grace bideo-jokoak akatsik gabe funtzionatzea lortu du inolako doikuntza lanik egin gabe. Teklatuarekin eta saguarekin soilik funtzionatzen duten jokoek aginteentzako euskarria aktibatu behar dutela nabarmentzen du, ondoren Steam Input bidez erabiltzaileek konfiguratu ahal izateko. Halere, ukipen pantailari esker arazorik gabe jokatu daitezke.

Phil Spencer Xbox-eko arduradun nagusiak ere jaso du bere Steam Decka, eta oso pozik agertu da Valvek eratutako gailuarekin. Pantaila eta aginteak apartak direla nabarmendu du, eta nola ez, bere etxeko Xbox Cloud Gaming funtzioa frogatu du arazorik eduki gabe Age of Empires IV bezalako obretara aritzeko.

Cliff Harris Positech Games estudioren sortzailea gustora agertu da baita Steam Deckarekin. Aginte haptikoek modu ezin hobean funtzionatzen dutela adierazi, eta soinua zein framerate-a bikainak direla nabarmendu du Democracy 4-ren garatzaileak.

Steam Decka abenduan merkaturatuko du Valvek. Aleen kopurua mugatua da, eta erreserbak dagoeneko 2023ra arte luzatzen dira. Hiru modelo desberdin prestatu dituzte, horien arteko desberdintasunik esanguratsuena memoria izanik.