Valve-n eskuko PC interesgarria aztertzeari ekin diote nazioarteko medioek. Zer egiteko gai da gailu hau?
Hemen da azkenik. Valvekoak beren Steam Deck desiratua banatzen hasi dira: lehenengo erosleek dagoeneko etxera bidean dute eskuko PCa. Horrez gain, Steameko arduradunek xehetasun guztiak ezagutzera eman dituzte; ez hori bakarrik, hedabide zein eduki sortzaile ezagunenek dagoeneko kaleratu dituzte lehen analisiak. Zer nolako tresna sortu du Gabe Newell-en taldeak?
Hasteko, zehaztu dezagun zer den tresna hau. Kontsola tankera daukan arren —Nintendo Switch-aren bertsio handiaren itxurarekin—, ez gaude ohiko bideojokoen gailu baten aurrean. Steam Decka PC bat da goitik behera: edozein sistema eragile instalatu diezaiokezu, ordenagailu arrunt baten funtzio guztiak erabiltzeko. Are gehiago, jatorriz dakarren sistema eragilea Steam OS-en 3.0 bertsioa da: Decka abiarazterakoan Steam plataforma ikusiko duzun arren, mahaigaineko Linux hartzen du oinarritzat, eta beraz honen programak eta zerbitzuak erabili ditzakezu; hau da, monitorea, teklatua eta sagua konektatuta lan egiteko, nabigatzeko zein beste edozertarako aproposa da.
Hori argituta, joan gaitezen bere zehaztapen nagusiak ezagutzera:
- Prozesadorea
- AMD APU
- CPU: Zen 2 4c/8t, 2.4-3.5GHz (448 GFlops FP32-eraino)
- GPU: 8 RDNA 2 CUs, 1.0-1.6GHz (1.6 TFlops FP32-eraino)
- APU-aren indarra: 4-15W
- RAM
- 16 GB LPDDR5 (5500 MT/s quad 32 bit kanalak)
- Memoria (modeloaren arabera)
- 64 GB eMMC (PCIe Gen 2 x1)
- 256 GB NVMe SSD (PCIe Gen 3 x4)
- 512 GB abiadura handiko NVMe SSD-an (PCIe Gen 3 x4)
- Pantaila
- Bereizmena: 1280 x 800p (16:10 ratioa)
- Mota: IPS LCD
- Pantailaren tamaina: 7 hazbete diagonalean
- Distira: 400 nits
- Eguneratze tasa: 60Hz
- Ukimen bidezko pantaila: Bai
- Konektibitatea
- Bluetooth 5.0
- Wi-Fi: 2.4GHz eta 5GHz, 2 x 2 MIMO, IEEE 802.11a/b/g/n/ac
- Soinua
- Kanalak: Stereo DSP barneratuarekin
- Mikrofonoak: Mikrofono bikoitza
- Aurikularren / mikrofonoaren sarrera: 3.5mm stereo aurikularren / kaskoen sarrera
- Digitala: Multikanal soinua DisplayPort USB-C bidez, USB-C arruntarekin edo Bluetooth 5.0 bidez
- Energia
- Sarrera: 45W USB-C PD3.0 korronte hornikuntza
- Bateria: 40Whr bateria. Jokatzerakoan 2-8 orduko iraupena
- Hedapena
- microSD: UHS-I sistema SD, SDXC eta SDHC euskarriarekin
- Aginteentzako eta pantailentzako kanpo konektibitatea: USB-C DisplayPort 1.4 Alt-mode euskarriarekin; 8K @60Hz edo 4K @120Hz arteko bereizmenak, USB 3.2 Gen 2
- Tamaina eta pisua
- Tamaina: 298mm x 117mm x 49mm
- Pisua: 669 gramo
- Softwarea
- Sistema eragilea: SteamOS 3.0 (Arch-en oinarritua)
- Mahaigainea: KDE Plasma
Ikus daitekeen modura, alor guztiak hartzen dituen gailua da Steam Decka: ez zaio ezer falta. AMD-rekin egindako elkarlanari esker, Valvekoek indar handiko PC txiki eta eramangarria eratu dute. Zen 2 CPU-arekin eta RDNA 2 GPU-arekin gaur egungo ia edozein bideojoko mugitzeko gai da: Bai, hala da: Red Dead Redemption 2, Elden Ring edo God of War moduko obra ikusgarrietara joka daiteke bertan.
Errendimendu ikusgarria, baina mugatua
Hala ere, 800p-ko bereizmenera jokatuko dugula gogoratu beharra dago. Ez da arazo bat 7 hazbeteko pantailarentzat, baina monitore handiagoetara konektatzerakoan joko zorrotzenetan 1080p-ra igarota —aukera hori beti dago, baita 8K-ra jokatzekoa ere— eskuko gailu txikiak agian sufritu egin dezake. AMD FidelityFX Super Resolution tresnarekin bereizmen murriztuan kalitate hobea lortzea posible da, halere: SteamOSek berez dakarren erreminta da.
Hori irakurrita, Steameko bideojokoen liburutegia ia osorik mugi dezakeela pentsa dezakezu. Ez da horrela, baina: hau bere sistema eragilearen ondorioa da. Valvek Linuxekiko apustua egin du; arestian aipatu bezala, orain urte batzuk Steam Machine gailuetarako sortutako Steam OS sistema eragilea eraberritu du. Erabaki honek, hala ere, hainbat oztopo ekarri ditu: bideojoko gehienak, zoritxarrez, Windows sistema eragileetara mugatuta daude. Arazo horri konponbidea bilatu diote Proton aplikazioarekin.
Linux erabiltzaileen ametsa
Linux darabiltenek ondo ezagutuko dute WINE (Wine Is Not an Emulator) programa. Horri esker Windowseko berezko programak Linux bidez exekuta daitezke. Proton WINE-n oinarritutako aplikazioa da, baina bideojokoetara bideratutakoa: Valvekoek Microsoft-en sistema eragilerako sortutako jokoak Linuxen Steam bidez mugitzeko tresna sortu du.
Ehundaka jokotara aritzea eskaintzen duen arren, oraindik hobetzeko asko duen sistema da Proton. Akats handi zein txikiak ohikoak dira hainbat titulutan: horiek zuzentzeko etengabeko lanean ari dira Valveko langileak; bitartean, Protonekin, eta, ondorioz, Steam Deckarekin modu egokian eta onargarrian funtzionatzen duten bideojokoak zerrendatzen dituen zerrenda prestatu dute. Deck Verified sistema.
Lau kategoriatan banatuta dago bateragarritasun sistema hau: Egiaztatuta, Jokatzeko, Euskarririk gabe eta Ezezaguna. Lehenengoan sartutako tituluek modu bikainean goza daitezke Deckean: grafiko, ezaugarri eta aginte guztiek behar bezala funtzionatzen dute; Jokatzeko kategorian dauden obretara aritu daitekeen arren, akats txikiak biltzen dituzte: letra tamaina txikia izan dezakete, edo ezaugarriren bat ez da espero bezala ibili; Euskarririk gabekoek, bestalde, ez dituzte eroso eta ondo jokatzeko besteko baldintzak betetzen; azkenik, Ezezaguna kategorian daudenak egiaztapenaren zain daude oraindik: ez da lan makala, Steamen milaka bideojoko daudela jakinda.
Egiaztutako jokoen kopurua 453 titulutan aurkitzen da artikulu hau idazterako unean. Saltoki digitalean dago zerrenda osoa. Bertan AAA jokoak zein indie abentura txikiak daude: Ori and the Blind Forest, The Witcher 3: Wild Hunt, Stardew Valley edo Dark Souls III aurki daitezke zerrenda honetan. Esan bezala, Valve gogor ari da lanean Proton hobetzeko, beraz datozen asteetan are joko gehiago gaineratzea aurreikusten da.
Hori kontuan hartuta, itxaropenez betetako etorkizuna duen mugatutako gailua dela esan behar dugu. Ezin da baieztatu ondo funtzionatzen duten jokoen kopuru zehatza: oraindik Ezezaguna kategorian aurkitzen direnetako askok modu ezin hobean funtzionatuko dute, bai, baina beste asko ezingo dira erabili. Valven esku dago euskarri hori hobetzea.
Amaigabeko aukerak
PC bati buruz ari gara, ordea. Horregatik, Steam Decka ez da SteamOS zein Linux sistema eragileetara mugatzen: Windows instalatzea posible da, eta horri esker edozein jokotara aritu gaitezke. Momentuz Valvekoek eta AMD-koek ez dituzte Windowserako Steam Deckaren kontrolatzaileak argitaratu, beraz ezin daiteke jokoen errendimendu erreala probatu.
Ez hori bakarrik, Steametik kanpo dauden bideojokoetara aritzeko aukera nabarmendu behar da gainera. Epic Games Store esklusibo batzuek, esate baterako, arazo handirik gabe funtzionatzen dute Deckean: hori da Final Fantasy 7 Remake ikaragarriaren kasua.
Egiaztutako jokoen kopurua 453 titulutan aurkitzen da.
Emulatzaileak aipatu behar dira ezinbestean, noski baietz. Berriz diogu, ordenagailu bat izanik hauetarako programak instalatzea ez da oztopoa izango; hortaz, kontsola eta sistema zahar zein berriak erabiltzeko emulatzaileak erabili daitezke Steam Deckean. Hainbat eduki sortzailek erakutsi dute jada nola konpontzen den emulatzaile desberdinekin, eta emaitzak nabarmentzekoak dira: Steam Deckak PlayStation 3 edo Nintendo Switch kontsoletako jokoak emula ditzake. Kontsola zaharragoetako jokoak mugitzeko arazo gutxi izango ditu, noski.
Askotan errendimendu arazoak egongo dira, batzuetan Deckaren indarra ez delako nahikoa, baina zenbaitatetan emulatzailea hobetzen doala konpontzen joango diren arazoak direla esan beharra dago. Hori izan da, adibidez, Yuzu-ren kasua: eguneraketa batekin Deckean duen errendimendua nabarmen hobetu da. Emulatzaileen mundua ezagutzeko erreportaje zabala argitaratu genuen Game Erauntsian.
Bideojokoak kontrolatzeko orduan ezaugarri eta tresna desberdinak eskaintzen ditu Deckak. Aginteen ohiko eskema dauka: bi stick, aurrealdeko botoiak eta kolpekariak. Horiei, baina, hainbat elementu interesgarri gehitu behar zaizkio. Lehenik eta behin, sagua ordezkatzen duten bi trackpad haptiko ditu: hauekin estrategia jokoetara aritzea posible da, adibidez, baina baita tiro jokoetan hobeto apuntatzeko ere, besteak beste. Ukimenezko pantaila aipatu behar da baita, funtzio berberak betetzeko; Bigarrenik, giroskopioa dugu: azkenaldian nahiko ezaguna egin den ezaugarria dugu, batez ere tiro jokoetarako baliagarria. Hau atzamarrak sticketan jartzerakoan aktibatuko da bakarrik; Hirugarrenik, atzeko kolpekariak nabarmendu behar dira: edozein aginte mapeatzeko erabilgarriak diren lau botoi izango dira.
Kontrolak konfiguratzeko Steameko aginteen sistema zaharberritu dute arduradunek. Edozein aldaketa egitea posible da horri esker, eta komunitateak bere konfigurazioak partekatzeko aukerak dauzka. Benetan erosoa. Are gehiago, Bluetooth zein USB bidez mota guztietako aginteak konektatzeko aukera dauka Deckak: PlayStation, Xbox eta Nintendo kontsola modernoetako mandoak eta beste hainbat erabili ahal dira.
Handia, baina erosoa
Ergonomi aldetik, nahiz eta gailu eramangarri baterako tamaina handia izan oso erosoa dela azpimarratzen dute erabili dutenek. Oraindik ezin izan dugu probatu, baina pisua ondo banatutako dagoela nabarmentzen dute; modu horretara, partida luzeak jokatzea erosoa da.
Steam Decka ez da SteamOS zein Linux sistema eragileetara mugatzen: Windows instalatzea posible da.
Zoritxarrez, ez dugu gehiegi jokatzeko aukerarik izango. Ez bateria kargatzen jarri gabe, behintzat. Duen indarrarekin 40Whr-ko bateria pixkat motz geratzen dela aitortu beharra dago. Medio desberdinek burututako proben arabera, ezingo gara bi ordutik gora ibili joko zorrotzenetara; xumeenetan sei edo zazpi orduko iraupena aipatzen da. Askorentzat ez da arazoa izango, baina partida luzeak botatzera ohituta daudenentzat muga esanguratsua da bateriarena.
PCko bideojokoen munduaren iraultza?
Aipatutako guztiarekin argi dago sekulako tresna baten aurrean gaudela. Berez ez da inolako berritasunak dakartzan gailua: GPD Win edo Aya Neo bezalako eskuko PCak daude aspalditik. Hala ere, SteamOS-ekin eta Protonekin Deckarentzat bereziki sortutako ingurunea eratu dute Valvekoek.
Prezioa aipatu behar da baita: 64GB-eko modeloa 419 eurotan saltzen da; 256GB-ekoa (SSD-arekin), 549 eurotara; azkenik, 512GB-eko modeloa 679 eurotan merkaturatu dute Valvekoek. Ez da merkea, baina eskaintzen duen guztirako sekulako prezioa duen PCa da. Eskuratzea ez da horren erraza, dena den: erdieroaleen krisiaren ondorioz eskaria betetzeko arazoekin dabiltza Valvekoak. Une honetan urte bukaerara arte luzatzen den itxarote zerrenda dago: Decka erosiz gero 2022ko azken hiruhilabetetik aurrera eskuratuko duzula adierazten du Valvek.
Iraultza ez da prezio edo errendimendu aldetik etorriko, baina. Gabe Newell-ek argi dauka: ordenagailuen industriako beste enpresak eta fabrikatzaileak antzeko gailuak egiten ikusi nahi du. SteamOS erabiltzeko aukera edukiko dutela aldarrikatu du Valveko buruak. Deckak arrakasta badu, eskuko PC interesgarrien eskaintza ikusten has gaitezke; ez hori bakarrik, agian Steam Machinen formatua berreskuratu daiteke eta egongelan jartzeko PC txiki baina indartsuak sortu. Aukerak, berriz ere, amaigabeak dira.
Ilusio handia eragiten duen tresna da Steam Decka, zalantzarik gabe. Orain arte itxita zegoen edo erdi ezezaguna zen bide berria ireki da bideojokozaleentzat. Gauzak Valvek nahi dituen bezala badoaz, etorkizunean aldaketa handiak ikus ditzakegu industrian.
Iruzkinak